Aldarrikapenerako eta festarako eguna bihar

Imanol Beloki Unamuno 2025ko mar. 7a, 08:23

Iaz Martxoaren 8an egindako manifestazioa, Fernando Eskoriatza plazatik atera berri.

Egun osoan izango dira ekintzak zapatuan herrian, eta azpimarratzekoa da Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean egingo duten manifestazioa; hain zuzen ere, 18:30ean hasiko da, Fernando Eskoriatza plazan

Eskoriatzako talde feministek elkarlanean egun osoko egitaraua antolatu dute biharko, Martxoaren 8a.

Adinekoak eta immigranteak

Hori horrela, 10:00etan izango dute lehenengo hitzordua, kultura etxean. Gosari-tertulia bat egin nahi dute, eta, herritar guztiei zuzendutako ekintza den arren, adineko jendea animatu nahi dute, bereziki, hitzordu horretara. "Adineko emakumeekin kontu-kontari aritzeko hitzordua izatea nahi dugu, bereziki. Hori da helburua", adierazi du Lore Diaz de Gereñuk, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideak. Gero, haurrendako tailerrak egongo dira, kontzejupean, 11:00etatik aurrera; 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Kasu horretan, emakume immigranteengan eragin nahi dute. "Txirikila Aisialdi Elkartekoak izango dira tailerrak bideratzen, eta, denentzat izan arren, gure buruan dago emakume immigranteak erakartzea haurren bitartez. Haurrak eskolan daudenean elkartzen dira, baina lagundu egin behar diegu parte har dezaten".

Egitaraua

• 10:00 Gosari-tertulia kolektiboa, kultur etxean.

• 11:00-13:00 Umeentzako tailerrak (6-12 urte), kontzejupean.

• 11:30-14:00 Emakume sortzaileen azoka, Fernando Eskoriatza plazan.

• 14:00 Bazkaria: Zuk in, zuk jan, Fernando Eskoriatza plazan.

• 18:30 Manifestazioa.

Azoka, bazkaria eta aldarria

Azoka ere egongo da Fernando Eskoriatza plazan, eta, guztira, hamabi postu jarriko dituzte. Gehienak eskoriatzarrak izango dira, baina bailarako beste hainbat emakume sortzaile ere batuko dira azokara. Artisautza-lanak eta janaria ere egongo dira. Ondoren, mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte Fernando Eskoriatza plazan bazkaldu nahi dutenentzat. Zuk in, zuk jan bazkariaren ostean, Arantzazu Idigoras eta Miren Gereñu gitarrarekin arituko dira. Bazkalostean arituko dira, kantuan ari gaitezen denok, oholtzara igo barik". 18:30ean, berriz, manifestazioa egingo dute, herriko kaleetan zehar. "Horiek izango dira egunerako prestatu ditugun ekintzak, baina domekan, Bergaran Emakumeen Mundu Martxaren seigarren nazioarteko ekintzari hasiera emateko, bailara mailako ekintza izango da: Gerra eta kapitalismoaren aurka martxan. Bertan parte hartzeko eskaera ere egin nahi diegu herritarrei", adierazi du Diaz de Gereñuk.

Osoko bilkuran hizpide

Otsaileko osoko bilkuran ere izan zuten hizpide Martxoaren 8a; EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten. "Martxoaren 8a, ospakizun eguna izateaz gain, orain arte egindako lana aitortzeko eguna ere bada. Gure aldetik, 2024an Berdintasun Diagnostikoa egin da, eta 2025erako hartzen dugun konpromisoa da Berdintasun Plana egitea. Horrekin batera, talde feministek antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak", adierazi zuen Irati Iglesiasek, EH Bilduko Berdintasun Saileko zinegotziak [Mozioa osorik].

Oposizioak, bestalde, ez zuen bat egin EH Bilduk aurkeztutako proposamenarekin. "Ez dugu EH Bilduren idazkia babestuko. Urtero egin den bezala, Eudeletik etorritako mozio bateratuaren alde egiten dugu; alderdi guztiek han onartu dute, eta hemen Eskoriatzan EH Bilduk ez du proposatu, gure harridurarako. Uste dugu berdintasunarekin politika partidista egin nahi dutela", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Alderdi Jeltzaleko bozeramaileak.

Aresko martxa domekan

Martxoaren 8az gain, emakumea eta kirola indartzeko eta ezagutarazteko Aresko martxaren zazpigarren edizioa izango da domekan. 11:00etan, aurtengo ediziorako egin dituzten kamiseta berriak banatuko dituzte. 11:55ean, omenaldia jasoko dute Haizeder eta Nahia Arguiz Vita eskoriatzarrek, gimnasia erritmikoan egindako lorpenengatik. 12:00etan, berriz, oinezko martxa hasiko da, Eskoriatzatik Aretxabaletara, eta plazan Oihana Mata aretxabaletarrak jasoko du omenaldia, emakumeen pilotan erreferentea izateagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak