Eskoriatzatik Aretxabaletarako ibilbidea egingo du aurten, Emakumeok bidea eraikiz lelopean. 11:00etan aurtengo ediziorako propio egindako kamiseta banaketa egingo dute; "200 eskaera jaso ditugu egunerako", adierazi du Eskoriatza Kirol Elkarteko Fernando Rasok. Gaineratu duenez, aurreikuspen onak dituzte egunerako, parte-hartzeari dagokionez. "Eguraldi ona dago aurreikusita, beraz, jendea animatuko delakoan gaude".
Eskoriatzatik Aretxabaletara bide oinez
11:45ean egingo da Eskoriatzan Nahia eta Haizeder Arguiz gimnasten omenaldia, eta, ondoren Aretxabaletara oinezko bidea hasiko dute. Bertara iristean, Aretxabaletako plazan Oihana Matak jasoko du omenaldia, Aresko Martxaren egitasmoari amaiera emanez.
Gimnasia erritmikoan erreferente
Emakume kirolarien ibilbidea aitortu nahi dute antolatzaileek omenaldiekin, eta Eskoriatzako Arguiz ahizpek gimnastika erritmikoan duten talentuagatik, ahaleginagatik eta dedikazioagatik aitortza jasoko dute.
Nahia (23 urte) eta Haizeder (17 urte) Arguiz Vita. Bi ahizpek bitza guztia eskaini diote gimnasia erritmikoari, eta entrenamendu, ahalegin eta sakrifizio ordu ugarik markatzen dute bere ibilbidea, eta alderdi horiek funtsezkoak izan dira bere kirol-lorpenak lortzeko.
Nahia, ahizpa zaharrena, 7 urterekin hasi zen gimnasia egiten. Bere karreran zehar, kirol-prestakuntza ikasketekin konbinatu du, Enpresagintzan lizentziatu da eta, gaur egun, Giza Baliabideetan masterra egiten ari da. Gainera, entrenatzaile nazionala da eta astean bi egunetan aritzen da bere herrian. Laster, gimnasia erritmikoko epaile titulua lortzeko ikastaroa hastean, bere prestakuntza handituko du. Haizeder, berriz, 5 urterekin hasi zuen bere kirol-ibilbidea, eta gaur egun Batxilergoa ikasten ari da, eta kirol-psikologia ikasi nahi du. Entrenatzaile ikastaroa egiten ari da. Biek Eibarren entrenatzen jarraitzen dute, Euskal Ligako banakako txapelketak prestatzen.
Emakumeen pilotan erreferente
Aretxabaletan, berriz, Oihana Mata Oyanguren emakumeen pilotan erreferentea omenduko dute Aretxabaletan. 10 urterekin hasi zen pilotan Iturrigorri frontoian, orduan ez zegoen neskarik jokatzen, bakarra zen mutil guztien artean. Eskoriatzako baserriko paretetan hasi zen, ukuiluan. Ondoren Iturrigorri frontoira egin zuen jauzia. Bere bizitza pilotaren inguruan egin du Oihanak, gaur egun Aretxabaletako emakumeen frontenis txapelketaren antolatzailea ere bada.