Fagor Automationen %30 inguru dira emakumezko langileak eta horiek egiten duten lana diseinuan eta mekanikan; kalitatera bideratutako gela zurietan; ikerketa eta garapeneko laborategietan; edota enpresan dauden hainbat makinatan erakutsi diete ikasleei. "Emakumeen lana ikusarazi gura dugu jarduera zientifiko-teknikoa ez dela gizonen kontua bakarrik. Eta gure lantegia ezagutzera emanda ia neskengan sustatzen dugun jarduera horietarako nahia", adierazi du Lorena Martinezek, Fagor Automationeko software ingeniariak. Eta ikasleak gustura agertu dira ikusitakoarekin "halakorik ez zutelako espero".
Zientziaren alorrean, osasun ikasketez harago jardun teknikoen garrantzia azpimarratu nahi izan dute Fagor Automationeko langileek: "Jendearen bizimodua aldatzeko jarduera teknikoak oso garrantzitsuak dira eta hori azaltzen saiatzen gara. Eta honen aldeko hautua eginez gero neska gazteek ikusiko dute ikerketan, garapenean eta berrikuntzan dihardugun enpresak gizartea eraldatzeko egiten duguna". Eta bisitak eman die zer pentsatua Almeneko ikasleei etorkizunera begira jarraituko duten ibilbideaz.