Xabier Badiola Bastida (2000, Eibar) Eskoriatzako udal artxiboa digitalizatzeko lanetan ari da azaroa ezkero. Ikus-entzunezko gradua ikasi zuen 2018tik 2022ra bitartean, Aretxabaletako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Huhezin, eta, kazetaritza-lanak egiteaz batera, musika-ekoizpenean eta kontserbazioan aritutakoa da lanean. Hala, Eskoriatzako Udalak kontratatu du, 1985etik 2012ra bitartean Teleskorako –80ko hamarkadaren erdialdean sortu zen herri telebista-kate publikoa– grabatutako irudi, erreportaje eta bestelakoak aztertu eta zintetatik digitalera pasatzeko. Eskoriatzako Udalaren asmoa da bertan dagoen material guztia era digitalean jasotzea eta katalogatzea, gero herritarren eskura jartzeko. Mimoz ari da Badiola lan horretan.
Zergatik ari zara Telesko herri telebistak duen ikus-entzunezko materiala digitalizatzen?
Eskoriatzako Udalak egindako lan-kontratu baten bidez ari naiz lan honetan. Azaroan hasi nintzen, eta urtebeteko lan luzea aurreikusten da. Lehenbizi, ikerketa- eta garapen-lana egin behar izan nuen zenbait egunetan, eta, ondoren, udal artxiboan dagoen materiala ordenatzen eta digitalizatzen hasi nintzen.
Zein zailtasun daude digitalizazio-prozesu horretan?
Teleskoren biltegian askotariko formatuak daude, eta horrek zaildu egiten du pixka bat digitalizazio-prozesua. 1988ko lehenengo erreportajetik hasita, VHS, Super VHS eta DVDak ditugu. Bakoitzak bere misterioa du; ekipo aldetik, erreproduzitzaile aldetik, eta digitalizatzeko-programekin. Zulo beltz bihurtu daiteke kasu batzuetan. Hala ere, gustuko lana da, eta herriko bitxikeriak ezagutzen ari naiz.
"Formatu askotariko zintak izateak zaildu egiten du prozesu osoa"
Zenbat zinta daude Teleskon? Zenbat ordu izango dira?
Guztira, 1985etik 1997ra arte bitarteko 660 zinta inguru daude, eta, ordutik aurrera, DVDak daude. Zinta bakoitzak bi ordu eta erdi irauten du; eta DVDak ere beste hainbeste daude, 700 inguru. Horiek aztertzerakoan, bereziki zintetan, aukeraketa egin behar da, denbora errealean pasa behar direlako irudiak digitalera. DVDen kasuan, berriz, 2002a ezkero dagoen guzti-guztia egongo da bilduta, eta zinten kasuan, ea guztia egitera iristen garen. Helburua ahalik eta gehien digitalizatzea da.
Harribitxirik topatu duzu digitalizazio-prozesuan?
Kintoen eta Santa Ageda neska-mutilen dantzak, museoaren inaugurazioa, Mikel Laboak frontoian emandako kontzertu oso bat, Eskoria-tza musika taldearen kontzertu bateko hiruzpalau kantu, 2003an Korrika herrigunetik pasa zen unea, 1986ko Club Zikloturista taldearen aurkezpena, rallyak… Altxor ugari aurkitu ditugu digitalizazio-prozesuan. Eibartarra izan arren, ari naiz herriaz eta herriko ekintzez gehiago ikasten.
"1987an Mikel Laboak emandako kontzertu osoa dago irudietan jasota"
Batutako material guztiarekin zer egingo da?
Eduki guztia digitalizatutakoan, herritarren eskura jarri nahiko dugu udal webgunean, bideo labur batzuk eginda, high light moduko batzuk. Digitalizazio-lanaz gain, material guztia katalogatu egingo dugu.
Digitalizatutakoa, katalogatuta
Teleskoren udal artxiboan herritarren artean nostalgia piztu dezakeen materiala dagoela dio Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak: "Ezin dut zerbait konkretua aukeratu, baina sekulako altxorrak daude. Gure artean ez dauden pertsonen elkarrizketa ugari, San Pedro jaiak, kontzertuak, danborradak, txirrindularien martxak… Urte haietan Eskoriatzan gertatu zen ia dena dago artxibo horietan". Unzuetak gaineratu duenez, bost minutuko bideo motzak hasiko dira udal webguneko plataforma batera igotzen. "San Pedro jaietarako, 150 bideo inguru herritarren eskura jartzea da asmoa. Horrekin batera, urtebetean ia guztia egongo da digitalizatuta; hori nahi genuke. Hala ere, pazientzia eskatu nahi diegu herritarrei".
Teleskoko zintetatik digitalizatutako hainbat iruditako fotogramak.