6,3 milioi euroko aurrekontua izango du Eskoriatzako Udalak 2025ean

Imanol Beloki Unamuno 2024ko abe. 20a, 12:11

Eskoriatzako abenduko ezohiko osoko bilkuran.

6.346.000 euroko aurrekontua izango du Eskoriatzako Udalak 2025an.  Baldintzatutako aurrekontuak izango direla azaldu dute abenduko ezohiko osoko bilkuran, eta horren arrazoia Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko urteetan aplikatu ez duen arau fiskala aplikatuko duelako. Udal Gobernuaren proposamenari aurka bozkatu diote oposizioko kideek, EAJko kideek.

"Aurten arau fiskala indarrean jarri dute, eta, defizita izan dugunez, plan ekonomiko finantzarioa egin beharko dugu hurrengo urtean. Gainera, inbertsioetan geotruke sistemaren gastuak izango ditugu, eta, horren ondorioz, inbertsioetarako tarte txikia geldituko da. Oraindik, aurtengo urtearen itxiera egin behar da, eta ostean ikusiko da zein tarte gelditzen den inbertsioetarako. Tartea balego San Pedro auzoko irisgarritasuna hobetzeko proiektua lehenetsiko da", adierazi du Xabi Uriartek, EH Bilduko bozeramaileak.

San Pedro auzoan irisgarritasun lanak

100.000 euro inguru bideratu nahi du Eskoriatzako Udalak San Pedro auzoko irisgarritasun lanak hobetzera. San Pedroko eremu horretan oinezkoentzat aldapa handia dago eta eskailerak ere egon arren, igogailua jarri nahi da. "Eremu horretako bizilagunei bizimodua erraztu nahi diegu, adineko jende dezente bizi delako bertan".

San Pedro auzoko eremu honetan jarri nahi dute igogailua.

Oposizioak 2025eko aurrekontuari aurka bozkatu izanagatik galdetuta, berriz, honakoa dio Uriartek: "Oposizioak ideiak ekartzen ditu Osoko Bilkuretara, baina ez du batzordeetan ekarpenik egin. 2025eko aurrekontuetan, nondik kendu eta non jarriko luketen esan beharko lukete, eta ez da horrelako ekarpenik egon".

Elkarte eta eragileei laguntzak

Herriko elkarteei ematen zaien laguntzako ekonomikoaren bueltan ere izan zuten eztabaida udalbatzako kideek. "Eskoriatza Kirol Elkartearen ematen zaion laguntza izan dugu berbagai. 2025ean diru partida gutxiago bideratuko diogu kirol elkarteari, uste dugulako, aurten, herriko beste elkarte batzuk behar gehiago dutela. Etorkizunean behar badute egingo dugu saiakera baliabideak eskaintzeko. Hala ere, diruaz gain, laguntza emateko prestutasuna handia da; eta bide horretan, kirol zinegotzia eta bertako teknikariak lan ona egiten ari dira; dena ez da dirua", adierazi du Xabi Uriartek, EH Bilduko bozeramaileak.

Oposizioak kontra

"Eskoriatzaren alde egiten ez duten aurrekontuak dira onartutakoak", adierazi du, bestalde, Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak. "Ez dute irudikatzen guk eraiki nahi dugun Eskoriatza. Ausardi gutxiko kontuak dira, gastuak eta diru-sarrerak koadratzera mugatzen direnak, eraikitzeko asmorik gabe".

Elkarte eta eragileei ematen dizkieten laguntzen aurrean, berriz, oposizioak ez du begi onez ikusi Eskoriatzako Kirol Elkartearen dirulaguntzaren gainean hartutako erabakia. "Salatu nahi dugu Bilduk Eskoriatzako Kirol Elkarteari ematen dion laguntza erdira baino gehiagora murriztuko duela, zehazki, 34.800eurotik 16.000 eurora. Hau da, % 54 gutxiago gure kirolarientzat. Eskoriatza Kirol Elkarteak urteak daramatza gure herriarekin konprometituta, kirola babesten eta gaur egun 200 pertsona baino gehiago mobilizatzen ditu, jokalari eta federatu artean. Ezin ditugu abandonatuta utzi, ezta beren ekimenak arriskuan jarri ere ez. Hau al da Bilduk agindutako Eskoriatza berria?" adierazi du alderdi jeltzaleko bozeramaileak.

Inbertsio nagusia txalotuz

Ezkurdiak gaineratu duenez: "Kontua ez da soilik kritikatzea. San Pedron igogailua jartzeko proposamena txalotzen dugu, baina aurrekontuetan partida bakarra agertzen da azterketarako. 2025. urtean zehar hori egiteko behar den partida ematea espero dugu". Horrekin batera, EAJk Musika Eskola birkokatzeko partida bat onartzea proposatu du osoko bilkuran. "Udalak instalazio berrien bideragarritasun-proiektua egin dezala eskatzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak