Izaki mitologikoak batzen dituen Baso guztien barnetik, uste guztien gainetik izeneko erakusketa ireki dute Eskoriatzan, Ibarraundi museoan. Hiru gunetan dago banatuta erakusketa, eta, abenduaren 2tik gaur arte, ikastetxeetako haurren bisita gidatuak izan dituzte egunero, eta herritar guztiei irekiko dizkiete ateak bihar, zapatua, abenduaren 30a bitartean.
Erakusketa eta kontaketa
Euskal mundu magikoa ezagutzeko eta herriaren memorian bizirik dirauten erraldoi, lamina, iratxo, herensuge, sorgin eta bestelakoak ezagutzeko eta izaki fantastiko haien bizitokia ezagutzeko txokoa prestatu dute Ibarraundin. Saioa Altzua eta Miren Diaz de Gereñu ari dira azalpenak ematen, eta orain arte jaso duten harrerarekin pozik daude. "Oinarrian, iazko erakusketa jarri dugu, eta beste areto batera zabaldu dugu, pertsonaia gehiago sartzeko asmoz. Hala, hiru eremu ditu erakusketak: kanpoko gunea, erakusketa nagusia eta goiko solairuan Mari Domingi eta Olentzeroren txokoa", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak.
Pertsonaia ugari
Mari, Gaueko, Jentila, Lamina, Akerbeltza, Ireltso, Basajaun, Sugaar, Sorgina, Olentzero eta Mari Domingi… pertsonaia mitologiko asko daude ezagutzeko, baina Mari dela pertsonaia nagusia azaldu du Altzuak: "Erakusketara sartu eta lehenengo txokoa Marirena da. Denbora gehien bertan ematen dugu bisitan, mami handien duen pertsonaia hura delako. Bizkarra ematen dago Mari, eta horren arrazoia ere azaltzen diegu bisitariei…".
Erakusketa zabalik
Abenduaren 2tik gaur arte, ikastetxeetako ikasleen bisitak izan dira, eta, bihartik aurrera, herritar orori irekiko dizkiete ateak. Nork bere kontu ikus dezake, baina bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, euskaraz eta gazteleraz, aurrez izena eman barik; euskaraz 12:00etan, 13:00etan eta 18:00etan eta gazteleraz 17:00etan. Abenduaren 24an eta 25ean, berriz, itxita egongo da, eta abenduaren 16tik 20ra bitartean, arratsaldez bakarrik egongo da irekita.