Euskara ardatz, kultura izango da nagusi karpan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko aza. 29a, 15:08

Leire eta Dorleta, joan den zapatuan, kontzejupean.

Zapatuan ospatuko dute Euskararen Eguna, eta egun osoko programazioa prestatu dute. Ekintzak Fernando Eskoriatza plazan izango dira, baina, biharkoez gain, izango dira bestelako hitzorduak: euskarazko jostailuen erakusketa, ipuin aurkezpena…

Abenduaren 3an da Euskararen Eguna, eta, egunean bertan, herritar talde batek egindako ipuin-liburua aurkeztuko dute, aurretik, azaroaren 30erako, hain zuzen, egun osoko egitaraua osatu dute, herritarrak batu eta jai giroan eguna ospatzeko.

Egun osoko egitaraua

13:00etan, Eskoriatzako Hankamotx bertso eskolako haurrek emango diote hasiera egunari. Aritz Irigoien da Hankamotx bertso eskolako irakaslea, eta aurten ere martxan daudela adierazi du: "Haurren talde bakarra dugu, eta bosgarren mailako zazpi ikaslek osatzen dute taldea. Astean behin kultura etxean elkartzen gara, eta, ikasturte honetan Gaba Baltzean egin genuen moduan, Euskararen Egunean ere igoko dira oholtzara gaztetxoak, bertsoak zein koplak eskaintzera".

Ondoren, Tio Teronen Semeak taldeak eskainitako Haurreskolari ikuskizuna izango da, eta 15:00etan, kantu bazkaria. Fernando Eskoriatza plazako karpan egingo dituzte ekitaldiak, eta bazkalostea Leire eta Dorleta eskoriatzarrek girotuko dute; aurtengo ZeDemontre topaketako irabazleek, hain zuzen ere. Musikarekin jarraituko du egunak; izan ere, 20:00etan, Hamarratz oñatiarrekin erromeria izango da, eta 22:00etan, berriz, Gasteizko Pineapple Sweets DJek girotuko dute Inkernu taberna.

Jostailuen erakusketa

Zapatuko ekintzez gain, euskarazko jostailuen erakusketa egingo dute abenduaren 2an eta 3an, 17:00etaik 19:00etara bitartean, kultura etxean. 2 urtetik aurrerakoendako jostailuak eta mahai-jolasak izango dira bertan, eta, jostailuak ikusteaz batera, horiek probatzeko aukera egongo da.

Ipuin aurkezpena

Horrekin batera, Eskoriatzako eta Gatzagako betiko ipuiñek liburua aurkeztuko dute abenduaren 3an, 19:00etan, Ibarraundi museoan. Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako hainbat kondaira, istorio eta pasadizo biltzen ditu liburuak, eta elkarlanean argitaratu berri dute zenbait herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak