Azken urteetan zenbait lan egin dira Eskoriatzako udal eraikinetan, eraikinen zaharberritze bidean, urgentziaz egin beharreko konponketak edo bestelako lanak egiteko. Horiekin batera, udalbatzak geotermia sistema instalatzeko proiektua onartu berri du, eta, horri esker, herriko bi eraikinetan gas-kontsumoa murriztu ahal izango da. Sistema horrek modu jasangarrian eta ingurumena errespetatuz lurraren beroa aprobetxatuko du energia sortzeko.
Guztira, milioi bat euroko –1.023.660 euro– aurrekontua bideratuko dute bi udal eraikinetan geotermia sistema jartzeko lanetara, eta EVEren (Energiaren Euskal Erakundea) laguntza milioi erdi ingurukoa izango da –573.502,50 euro–. Lanak egingo diten enpresa ez dago zehaztuta oraindik, lizitazio bidez egingo delako, baina Eskoriatzako Udalaren bi eraikin energia berriztagarriz hornitzearen alde dago udalbatza –Manuel Muñoz kiroldegia eta Luis Ezeiza Herri Eskola–, aurreko agintaldiko planteamendua hausnartu eta aldaketa batzuk egitea hobetsita.
Proiektuan egokitzapenak
"Manuel Muñoz kiroldegian, Luis Ezeiza Herri Eskolan, Joseba Iñurrategi pilotalekuan, Kulunka Haur Eskolan eta Bibliotekako umezaintza zerbitzuko eremuko eraikinetan ezarri nahi zuten geotermia sistema, baina bi eraikinetan soilik ezartzea erabaki dugu, egin beharrekoak ondo aztertu ondoren. Izan ere, kiroldegiak bakarrik geotermia sistemaren bidez bertan sortuko duen energia baino gehiago beharko du, edo horrela aurreikusten da, behintzat, eta han sortuko litzatekeen energia beste eraikinetara bideratu nahi zen aurreko proiektuan. Horretaz jabetuta, ez zuen zentzurik bost udal eraikinetan ezartzea geotermia. Alegia, kiroldegitik energia bideratzeak asko garestitzen zuen obra: liburutegira eta frontoira hodiak sartu beharko genituzke… eta hara bidali beharrean kiroldegian energia sortu eta kontsumituko da bertan sortzen dena", adierazi du Xabi Uriartek, Eskoriatzako EH Bilduko bozeramaileak.
Hasiera bateko proiektua egokituta, 400.000 euro aurreztuko ditu Udalak
2030erako konpromisoak
Uriartek gaineratu duenez, energia-eraginkortasuna da aurten Eskoriatzako Udalaren lehentasuna, eta, horregatik, energia kontsumoa murrizteko geotermia proiektua hobetu egin dutela azpimarratu du. "Udalak 2030erako bete beharreko konpromisoak betetzen lagunduko du proiektu horrek; akaso, konpromiso guztiak betez. Izan ere, Luis Ezeiza Herri Eskolako eta Manuel Muñoz kiroldegiko beharrak asetzeko energia kontzentratu dugu, eta 400.000 euroko aurrezpen ekonomikoa lortu dugu proiektuaren hobekuntzarekin. Horrekin batera, azpimarratuko nuke kiroldegian egin ditugula beste hainbat aldaketa energia aurrezteko bidean. Zenbait neurri hartu ditugu eta horietako bat da uraren kudeaketaren gainekoa, besteak beste".
Helburua: kontsumoa murriztea
Geotermia sistema ezartzeko lanak aurrera eramango dituen kontratatuak geotruke-sistema bat ezartzeko proiektua idatzi eta obra zuzendu eta gauzatu beharko ditu. Bi udal eraikinetako galdara-aretoak egokitu beharko ditu, eta horrek guztiorrek honako helburuak izango ditu: ekoizpen termikoari lotutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa %35 murriztea –gutxienez–; energia berriztagarriaren %32ko ekarpena eraikin bakoitzaren ekoizpen termikoari lotutako kontsumoari dagokionez; eta eraikin bakoitzaren kalifikazio energetikoa hobetzea letra batean.
Milioi bat euro bideratuko dute bi udal eraikinetan geotermia ezartzeko lanetara
Oposizioaren aldeko botoa
Bost eraikin beharrean bi bakarrik izango direla dio Eskoriatzako EAJko oposizioko taldeak, eta urtebete berandu datorrela proiektua. Hala ere, proiektuarekin aurrera egin denez, txalotu egin dute Udal Gobernuaren erabakia. Hauxe dio Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak: "Aurreko agintaldian jarri genuen lizitazio hori martxan. Orduan, proiektua 1.429.000 eurokoa zen eta espero genuen dirulaguntza 500.000 eurokoa izan zen. Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak %0ko interesarekin finantzatzea aurreikusten zen, Gauzatuz izeneko programaren bitartez. Proiektu horrek Udaleko eraikinetan, kiroldegian, pilotalekuan, liburutegian, Luis Ezeizan eta haur eskola publikoetan gas kontsumoa murriztea zuen helburu, geotermiak sortzen duen energia jasangarriaren esker. Baita argindarraren beharra gutxitzea ere, zeren eta geotermiako proiektu hura bigarren fase batean eguzki-plakekin osatzea aurreikusten baitzen. Guk uste dugu EH Bilduren udal arduradunek ez dutela euren burua gai ikusi horrelako proiektu potente bat bideratzeko eta gauzatzeko, eta, horregatik, proiektu txikiago batekin konformatu dira. Onartu den proiektua 1.023.000 euro ingurukoa da; hasiera batean planteatutako kopuruarekin lotuta, heren bat txikiagoa. Eta txarrena da urte bat galdu dela eta kiroldegian eta Luis Ezeizan bakarrik ezarriko dela. Beraz, kontsumo jaitsiera ez da espero genuena izango. Pena izan da klima aldaketaren aurkako borrokaren kontrako ikuspuntutik. Pena izan da 150.000 euro inguruko dirulaguntza galtzea proiektu txikiago batekin konformatu garelako. Hala ere, txalotu egiten dugu proiektua martxan jartzea, eta, horregatik, alde bozkatu dugu".