Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute Apotzagako elkartean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ira. 6a, 07:06

Udaberrian Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea jokatu ondoren, irailaren 14an abiatuko dute Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketa; eskualdeko Ane Zuazubiskar, Oihana eta Haizea Arana, Maider Arregi eta Aitor Tatiegi lehiatuko dira. Eskoriatzako Apotzaga auzoan –Almen bertso-eskolaren bilgunean– aurkeztu zituzten nondik norako guztiak atzo, eguena.

Datorren astean hasita, Gipuzkoako bertsolariak buru-belarri ibiliko dira txapel berriaren bila. Guztira 48 bertsolarik hartuko dute parte. Udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela 34 bertsolarik; haien artean Debagoieneko bost ordezkari daude: Ane Zuazubiskar arrasatearra, Eskoriatzako Oihana eta Haizea Arana ahizpak eta Oñatiko bertso eskolako kide Maider Arregi eta Aitor Tatiegi. Gainontzeko hamalau bertsolariek orain dela bost urteko txapelketan irabazi zuten aurtengo sariketan parte hartzeko txartela.

Kantuan jardungo dutenez gainera, hamasei gai-jartzaile eta hamabost epaile eta askotariko laguntzaileak izango dira txapelketan lanean; besteak beste, sailkapen fasean bezala, Arrasateko Olatz Zuazubiskarrek jardungo du gai-jartzaile lanetan.

Ane Zuazubiskar: "Nahi nuke aurreko  txapelketan baino luzeago aritu bertsotan"

Apotzagan aurkezpena

50 urte dira aurten Gipuzkoako lehen bertso-eskola sortu zela, Leintz bailaran hain justu; hala, sailkapen fasean egin zuten moduan, txapelketan ere urteurren hori gogoan izan dute. Horren erakusle da atzo, eguena, Eskoriatzako Apotzaga auzoko Auzo-etxe elkartean egin zutela txapelketaren aurkezpen ofiziala, "elkarte horretan bertan biltzen baitziren haurren lehen-bertso eskolako kideak, Almeneko kideak", azaldu dute antolatzaileek.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideez, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako babesleen ordezkariez eta txapelketan parte hartuko duten bertsolariez eta parte-hartzaileez gain, Debagoieneko bertso-eskoletako haurrak eta Almen bertso eskolako kide zahar eta gazteak batu ziren atzoko ekitaldian.Eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eta txapelketaren babesleen presentzia ere izan zen: Lide Herrarte Laboral Kutxako Eskoriatzako bulegoko Zuzendaria, Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio sozialeko arduraduna eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria.

Oihana Arana: "Aurpegi berri asko izateak aldaketa politak ekarriko ditu"

Hamasei saio guztira

Urretxuko Labeaga aretoan abiatuta, hiru sailkapen fase –zazpi final zortziren, bost final laurden eta hiru finalaurreko– jokatuko dituzte eta abenduaren 14ean izango da finala, Donostiako Illunbe zezen-plazan. Txapelketa abiatzeko astebete faltan, nabarmen da lehiakideen artean aurpegi berri asko daudela. "Horrek nahitaez eragina izango du, eta nahiago dut txapelketan orokorrean ez pentsatu, baina uste dut aurpegi berri asko egoteak aldaketak ekarriko dituela, eta, nire iritziz, positiboak eta politak izango direnak", azaldu du Oihana Aranak, eta zera dio haren ahizpa Haizeak: "Txapelketa beti izaten da eremu zaila. Esango nuke jendeak oso prestatuta eta gogotsu hasiko duela txapelketa, eta hori oso berri ona da. Lagun ugari izango ditugu kantukide, eta horrek txapelketako helburuak kolektibizatzeko aukera ezin hobea ematen du. Egia esan, udan alde batetik bestera ibili naiz, eta kostatu zait bertsoarekin konektatzea. Hala ere, ikasturte hasierarekin batera martxan jarriko naiz".

Arrasateko bertsolari Ane Zuazubiskarren desioa da txapelketa gaztea izatea: "Entzuleei ezagutzen ez dituen bertsokerak ekarriko dizkiena. Belaunaldi bueltako kantukide asko sumatzen ditut bertso-eskolan eta plazan oso fin, eta nahi nuke hori nabaritzea". Egin beharreko ariketei dagokienez, kopla ariketak errespetua ematen diela aitortu dute Aitor Tatiegik eta Maider Arregik: "Ariketa ia gehienak ohikoak dira, eta aurtengo berrikuntza da hori. Sei kopla sortu behar dira, eta askotxo dira maila ona emateko".

Maider Arregi: "Euskal Herriko Txapelketarako txartela lortu gura nuke"

Zuazubiskar eta Oihana Arana

Helburu pertsonalei buruz galdetuta, orokorrean "lanerako gogotsu" daudela diote Debagoieneko ordezkariek. Ane Zuazubiskar izango da haien artean lehiatzen lehenengoa: irailaren 14an Urretxuko kanporaketan izango da. "Nahi nuke aurreko txapelketan baino luzeago aritu bertsotan. Ez naiz duela bost urteko bertsolaria, eta espero dut hori eramatea txapelketara ere, eta gozatu egin nahi nuke bukaerara arte. Lehen saioan arituko naiz ni, eta halakoetan iraila beti heltzen da nahi baino lehenago, baina, udaberrian hasita, martxan berriz jartzea izan da hutsetik hastea baino gehiago. Txapelketako lehen saioa izango da nirea, eta urduritasun-puntutxoa sortzen dit horrek, gaiak-eta nolakoak izango diren ezingo dugulako aurreikusi, baina talde polita dugu, eta gogoz nago".

Hirugarren kanporaketan, hau da, irailaren 21ean Lazkaoko Areria aretoan igoko da taula gainera Oihana Arana: "Nahiko gogotsu noa, udaberriko fasean nahiko gustura ibili nintzen eta sentsazio horietara berriz gerturatzea izango da intentzioa. Udan kantuan ibili gara, ez aurretik bezain beste, eta gogotsu nengoen irailean berriz ere dinamikari ekiteko, lagunekin elkartu eta kantatzeko. Hasi gara; hortaz, gustura. Prestaketa lanak ondo joan dira; gustura biltzen naiz biltzen naizen taldearekin eta horrek laguntzen dit neure buruarengan sinisten, taldearengan sinisten, eta uste dut nahiko modu kolektiboan prestatzen ari garela txapelketa, eta txapelketa bera hala bizitzea gustatuko litzaidake. Areria aretoa asko gustatzen zait, oso polita da; hortaz, alde horretatik ondo, eta bertsokideei dagokienez saio kuriosoa da. Oro har, ez ditut asko ezagutzen, ez dut-eta askotan kantatu eurekin. Hori izango da eragingo duen faktore bat, baina eroso sentitzen naiz egiten ari naizenarekin; beraz, udaberriko gorputzaldia errepika badezaket, pozik".

Haizea Arana: "Lagunak izango ditut oholtzakide, eta hori ez da ohikoena izaten"

Beste hirurak, azkenekoan

Sailkapen fasean bezala, Oñatiko Txinparta Eskolako Aitor Tatiegi eta Maider Arregi elkarrekin izango dira; azkeneko kanporaketan lehiatzea egokitu zaie, urriaren 5ean, Azpeitiko Soreasu antzokian; hala, "oraingoz lasai daude", eta "pozik" ere bai, saio berean egongo direlako: "Konfiantza ematen du gertuko laguna alboan izateak, baina udaberriko bietan saio beretan izan ginen arren ez genuen elkarrekin kantatu. Gure herriko jaietan lehiatzea egokitu zaigu, Herri Egunean, eta horrek eragingo du ohi baino lagun gutxiago etortzea ikustera. Zer egingo diogu, hala tokatu da oraingoan eta listo!". Txapelketarako dituzten helburuei buruz galdetuta, "final zortzietan aurrera egiteko aukera" aurreikusten du Tatiegik, nahiz eta "bertsotan oso ondo egiten duten izen asko" daudela gaineratu. Arregirentzako hirugarren Gipuzkoako Txapelketa izango da; aurreko bietan final laurdenetara heltzea lortu zuen eta oraingoan "ilusio handia" du finalerdietara heldu eta Euskal Herriko Txapelketarako txartela lortzeko. "Badakit oso zaila dela eta lan asko egin behar dela horretarako".

Aitor Tatiegi: "Bertsotan oso ondo egiten duten izen asko daude aurten ere"

Oñatiko ordezkariek Haizea Arana eskoriatzarra izango dute taularen gainean lagun: "Oso pozik nago egokitu zaidan saioarekin. Aurreko bietan ahizparekin kantatu dut, eta hura gabe arituko naiz honetan. Saio oso erosoa da, lagunak izango ditut oholtzakide, eta hori txapelketan ez da ohikoena izaten. Pozik nago eta espero dut oholtzako giro ona transmititzeko gaitasuna izango dugula. Udan nahiko ahaztuta izan dut irailean txapelketa hasten dela. Oraindik kokatu gabe nago, baina poliki-poliki kokatzen eta motibatzen joango naizela espero dut. Txapelketara iritsi nahi nuen, eta, beraz, pozik atera nintzen udaberriko fasetik. Ikusiko dugu ea nola joaten den, baina espero dut udaberri fasean bezain gustura aritzea eta neure burua txapelketan kokatzen asmatzea".

Sarrerak salgai

Bertsosarrerak.eus atarian daude dagoeneko Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako saio guztietarako sarrerak eskuragarri. Txapelketako fasearen araberako prezioa dute, eta hiru sarrera mota daude: arrunta, gazteendako eta bazkideendako.

SAIOEN EGUTEGIA

Final zortzirenak

  • Urretxu. Irailaren 14an, 17:00etan, Labeaga aretoan. Arrasateko Ane Zuazubiskarrek kantatuko du.
  • Lasarte-Oria. Irailaren 15ean, 17:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.
  • Lazkao. Irailaren 21ean, 17:00etan, Areria aretoan. Eskoriatzako Oihana Arana izango da.
  • Elgoibar. Irailaren 22an, 17:00etan, Herriko Antzokian.
  • Hondarribia. Irailaren 28an, 17:00etan, Itxas Etxea auditorioan.
  • Andoain. Irailaren 29an, 17:00etan, Bastero kulturgunean.
  • Azpeitia. Urriaren 5ean, 17:00etan, Soreasu antzokian. Eskoriatzako Haizea Arana eta Oñatiko Aitor Tatiegi eta Maider Arregi izango dira.

Final laurdenak

  • Eibar. Urriaren 19an, 17:00etan, Coliseo antzokian.
  • Errenteria. Urriaren 20an, 17:00etan, Lekuona Fabrikan.
  • Azkoitia. Urriaren 26an, 17:00etan, Baztartxo antzokian.
  • Irun. Urriaren 27an, 17:00etan, Ficobako Auditoriumean.
  • Tolosa. Azaroaren 3an, 17:00etan, Leidor aretoan.

Finalaurrekoa

  • Oiartzun. Azaroaren 17an, 17:00etan, Elorsoro kiroldegian.
  • Zarautz. Azaroaren 24an, 17:00etan, Aritzbatalde udal kiroldegian.
  • Arrasate. Abenduaren 1ean, 17:00etan, Uarkape pilotalekuan.

Finala

  • Donostia. Abenduaren 14an, 17:00etan, Ilunbe zezen-plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak