Aurtengo danborrada, errekor guztiak hausten

Julen Murua Mesonero 2024ko eka. 27a, 14:37

Egokiena elkarteko kideak iazko danborradan.

Guztira, 330 eskoriatzar irtengo dira herriko kaleetara jaietako hitzordu garrantzitsuenean. Ekainaren 28an izango da, 22:30ean hasita, eta "inoizko danborrada jendetsuena" izango dela iragarri dute antolatzaileek

Urteroko hitzordu garrantzitsuenak ere izango du tokia aurtengo egitarauan: danborradak. San Pedro egunaren bezperan, hilaren 28an, irtengo dira batailoiak kalera, 22:30ean, eta iazko ibilbide bera egingo dute. Ekainaren hasieran ekin zieten entseguei, eta azken asteetan izango dira "entsegu garrantzitsuenak", Andoni Moto danborradako zuzendari orokorrak dioenez. Hilaren 27an egingo dute entsegu orokorra, "hurrengo egunerako guztia prest uzteko".

Inoizko jendetsuena

Zortzi batailoi irtengo dira zapatuko danborradan, eta iazko pieza berberak interpretatuko dituzte; Dorleta elkartea, Euskal Giroa, Elizoste, Gu Geu, Irrintzi, Eguzkilore, San Pedro Txiki eta Elkartasuna talde gaztea dira danborrak astintzera irtengo diren batailoiak; betiere, musika bandak lagunduta. Guztira, 330 danbor-jole arituko dira Eskoriatzako kaleetan. Motoren hitzetan, "errekor guztiak hautsi dituen zifra" da aurtengoa –aurreko errekorra 248 partai- dekoa zen–. Elkartasuna talde gaztea izaten da urtero-urtero jende gehien batzen duen batailoia, eta aurten euren taldea osatzen duen kopurua ere handitu egin da, nabarmen, Motok adierazi duenez: "Iazko danborradan 150 lagun inguruk osatu zuten taldea –ez zen 150 pertsonara iristen–; aurten, berriz, 220 eskoriatzar daude talde horretan, eta bereziki pozten gaituen kontu bat da, noski".

Haurren danborrada

Haurrak ere irtengo dira Eskoriatzako kaleetara danborra jotzera, baina euren txanda hilaren 30ean izango da. 12:00etan hasita, kiroldegitik abiatuko dira, kalez kale, plazara iritsi arte; haurrek ere iazko pieza berberak joko dituzte. Iaz 106 haur irten ziren danborradan, eta aurten ere "kopuru antzekoa" mantenduko dela adierazi du antolatzaile batek, Arantxa Unzuetak. "Azken urteetan geroz eta ume txikiagoek" hartzen dutela parte aitortu du, "helduagoak konbentzitzea zailagoa" dela iritzita; hala ere, antolatzaileak "pozik" daude egindakoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak