Eva Dolara: "Egoiliarren ongizaterako laguntza behar dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko eka. 7a, 11:17

Eva Dolara (1969, Bilbo) Eskoriatzako Jose Arana zaharren egoitzako zuzendaria.

Jose Arana zaharren egoitzan ateak irekiko dituzte etzi, zapatua, goizeko hamaiketan, bertako profesionalak eta egiten dituzten jarduerak ezagutzeko. Horrekin batera, Jose Arana Zaharren Egoitzako egoeraz jardun du Eva Dolarak, Jose Arana Zaharren Egoitzako Zuzendariak.

Urte eta erdi darama Eva Dolarak (1969, Bilbo) Eskoriatzako Jose Arana zaharren egoitzako zuzendari. Gustura ari den arren, bertan behar asko dituztela adierazi dio GOIENAri, eta laguntza oro ongietorria dela.

Nolakoa izan da harrera herrian eta egoitzan?

2022ko abenduaren 27an, Jose Arana egoitzan sartu nintzen, eta lehenengo egunetik oso harrera ona izan dut patronatuaren aldetik, egoitzako lantaldearen aldetik, eta baita Eskoriatzako herriaren aldetik ere. Nabari da maitasun handia diotela egoitzari. Hori horrela, gaur arte, nire esperientzia positiboa izan da, nahiz eta lan handia egiten dugun bertan eta lan ezberdin asko ditugun esku artean; une onez eta txarrez betetako eguneroko ikaskuntzarekin, baina gizatasun karga handiak konpentsatzen zaitu, eta horrek indarberritu egiten zaitu.

Nolakoa da Jose Arana Patronatuko kideekin duzun erlazioa?

Beti gertatzen den moduan, pertsona batzuk gehiago inplikatzen dira beste batzuk baino, baina, egia esan, patronatuko kide gehienak oso inplikatuta daude egoitzan gertatzen den guztiarekin. Gaurdaino, kezkaren bat edo premiaren bat adierazi dudan guztietan, erabat babestuta sentitu naiz.

Iritsi zinenetik aldaketak egon dira; zeintzuk?

Izan dira aldaketak, eta hobetzen ari garela uste dut. Oso zaila litzateke esku artean ditugun lan guztiak hemen islatzea, baina, laburpen bat egitearren, hona hemen adibide batzuk: ia arlo guztietan hobetu dugu kalitatea, oinarrizkoenetik hasi –eguneroko higiene-produktuak– eta logelak berritzeraino. Ohe guztiak eredu artikulatu berriekin ordezkatu dira, egunero egiten diren prozesu guztiak aztertu eta hobetu dira, eta, horretarako, txanda bakoitzeko laguntzaileen kopurua indartu egin dugu. Ziurtatu dezaket egoitza Aldundiak arreta ematen dugun egoiliar kopuruarentzat ezartzen duen laguntzaileen ratioa baino askoz handiagoa dela. Egunero hurbiletik zerbitzatzen diren menuak zaintzen ditugu, eta kontziente naiz sukaldeko langileekin dugun zortearekin. Langile horiek ez dira gure langile propioak, baina ilusio eta inplikazio berezia erakusten dute gurekin. Podologoaren bisitak ugaritu egin ditugu eta ile-apainketa zerbitzua oso gertutik kudeatzen dugu. Fisioterapia zerbitzua ere lantzen ari dira, eta, horretarako, gela bat ireki dugu. Erizaintzako zainketak bikoiztu egin dira, sail horrek egiten dituen orduak bikoiztuz, orain dela gutxi beste profesional bat sartu da, eta hori oso egokia da guztiontzat.

Jende beharrik badago?

Gaur egun, Jose Arana Zaharren Egoitzaren plazak beteta ditugu. Guztira, 32 egoiliar ditugu egoitzan eta hamabost erabiltzaile, berriz, eguneko zentroan. Egunero lan miresgarria egiten duten hamasei gerontologok, gauetan egoiliarrak zaintzen eta laguntzen dituzten lau zaindarik eta lan handia egiten duten garbitegiko lau profesionalek osatzen dute taldea. Mantentze-lanetako Asier gabe ez gara ezer, eta Gureak Fundazioarekin batera amaitu dugun Pauso Berriak proiektuaren parte den Maiteren laguntza ere badugu. Gainera, diziplinarteko talde zoragarria dugu egoiliarren bizi-kalitatea zaintzen: Alejandro Albaina, fisioterapeuta; Elena Urresti, gizarte-langilea; Iratxe Arrillaga, psikologoa; eta gure erizain-taldea, Josefina Garcia eta Ana Sanchez, eta gure medikua, Leire. Hala ere, langile falta beti dago; izan ere, beti dago ordezkapenak egiteko beharra, izan atsedenaldiengatik, oporrengatik, edo bajengatik.

Egoitza irabazi asmorik gabeko zerbitzua da, baina dirua behar da egoera onean egon dadin; laguntzak nahikoak dira?

Fundazioa irabazi asmorik gabekoa da, erabat altruista, eta helburua ez da onura ekonomikoa, soziala eta humanitarioa baizik. Egoitza egoera onean egon dadin, pertsona fisikoen edo mota guztietako erakundeen dohaintzetatik eratorritako ekarpen ekonomikoak beharrezkoak dira, eraikinak urte dezente dituelako eta beti dagoelako konpontzeko edo eguneratzeko beharra. Instituzioek egoitzaren eraikinaren eta lursailen egoera zein den jakin behar dute. Gaur egun, esaterako, eguneko zentroaren zerbitzuari dagokion eraikina barrutik eta kanpotik saneatzen ari gara.

"Instituzioetatik jasotzen ditugun laguntzak ez dira nahikoak, nire ustez"

Zein da egoitzaren gaur egungo egoera?

Aldundiak ematen du laguntza, baina ez du haratago ikusten zenbait kasutan. Benetako beharrak zeintzuk diren galdetu beharko ligukete; izan ere, behar horiek zentzu gutxiko arauen eta burokraziaren artean ezkutatuta geratzen diren sentsazioa daukat. Hori horrela, erakundeek ezarritako laguntzak ez dira nahikoak. Eskoriatzako Udalarekin komunikazio iraunkor, arin eta argia mantentzen dugu; laguntzen digute, baina euren neurrian. Herriari dagokionez, badakit laguntza deia egin den guztietan hor egon direla, eta horregatik eskatuko nuke duten maitasun hori laguntza-bide bihurtzea. Izan ere, egoitza, gaur-gaurkoz, ez da hobetuko kanpoko laguntzarik gabe, eta egitura konpontzeko eta espazioak berritzeko beharra dago. Tamalgarria da, adibidez, egoitzako kaperaren eta inguratzen gaituzten lorategien egoera.

Zapatu honetan ateak irekiko dituzue; eraikina ezagutzeko, ezta?

Eguneko zentroa ezagutzeko eta bertan egiten den lan handiaren berri emateko irekiko ditugu ateak. Hala ere, gustatuko litzaidake guri laguntzeko asmoa duenak 602 25 37 73 zenbakira deitzea, hitzordua hartzeko eta egoitza bisitatzeko. Egoitza komunitate honen zati garrantzitsu bat da eta herritar guztien bihotzetara iritsi nahiko nuke, herriaren eta herritarren parte dela gogorarazi, eta une honetan haren laguntza behar duela azpimarratu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak