Debagoieneko diagnostiko energetikoa eta bere inpaktua ezagutarazteko, aukerak mahai gaineratzeko eta erronka honen inguruko hausnarketak partekatzeko asmoz, Debagoiena 2030 ekimenak Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak erakusketa ibiltaria inauguratu du Eskoriatzan, eta Aramaion, Bergaran, Arrasaten eta Oñatin izango da ondoren. Iraunkortasunari hamaika begirada programaren parte da, Aritz Ameztegi D2030eko energia eremuko arduradunaren hitzetan: "Asmoa da herritarrengana sortzen eta lantzen ari garen informazioa eta ezagutza helaraztea, herritarra ahalduntzea eta egoeraz kontziente izatea, iruditzen baitzaigu nahi genukeena baino gutxiago garela bizi dugun egoeraz".
Haren arabera, erakusketak batik bat Tecnaliak egindako txostenetako datuak jasotzen ditu, esate baterako, bailara CO2 isurketetan eta energia kontsumoan nola dagoen, eta etorkizunera begira zein urrats egin daitezkeen, energia komunitateak adibidetzat aipatuta. Kontsumo ereduaren aldaketaz dihardu: "Hori pixkanaka-pixkanaka barneratzen hasi behar gara. Eta hor argindar kontsumoaren inguruan hasiera batean, baina gerora zabaltzeko asmoarekin, energia komunitateak ari dira sortzen; deszentralizatutako eta tokiko eredu bat da, eta iruditzen zaigu lantzekoa dela etorkizunera begira; herrietako estrukturak-eta indartzen lagunduko du, besteak beste".
Eskoriatzan, esate baterako, urratsak egiten hasiak dira gai honi dagokionez, eta Saioa Altzua Udaleko Ingurumen Saileko teknikariak azaldu duenez gaur-gaurkoz bi energia komunitate daude martxan herrian: Ekiola eta Esnargi. Haren hitzetan, herritarren arduretako bat da egoeraren jakitun izatea, eta erakusketa horretarako bide izan daiteke, baina baita Udalena ere: "Zeresan handia du, herriko energia-eta mantentzen baitu, eta hark hartzen dituen erabakiek-eta pisu handia dute. Zentzu horretan, Udalak aurrerapausoak egin ditu: murrizketen aldetik apustu handia egin da, badauzkagu instalazio fotovoltaikoak, termikoak, biomasa galdara bat, eta, orain, geotermia instalazioa jarri behar da".
Ondoren, Aramaiora
Erakusketa maiatzaren 17ra arte, egubakoitzera arte, egongo da ikusgai, eta bihar –maiatzak 15–, gainera, energia fakturen inguruko kezkak argitzeko aukera izango dute herritarrek Goienerren eskutik, 17:00etatik 19:00etara. Aramaion ere egongo da horretarako aukera maiatzaren 24an, erakusketa datorren astean egingo baita.
Ez da, ordea, D2030 ekimenak antolatutako ekintza bakarra, Iraunkortasunari hamaika begirada izenpean jardunaldia egingo baitu maiatzaren 24an, Arrasateko Kulturateko klaustroan. Klima larrialdiak Debagoienean nola eragingo duen izango dute hizpide zenbait gonbidatuk, nork bere hitzaldian; tartean izango dira, besteak beste, Onintze Salazar Euskalmeteko kidea, Iñaki Antiguedad EHUko irakaslea eta Unai Pascual Ikerbasqueko partaidea; maiatzaren 17a baino lehen eman behar da izena. Ekainaren 12an, berriz, Tokiko administrazioa energia trantsizioaren aurrean saioa egingo dute Oñatin.