ALBISTEAK

Gipuzkoako Bertsolari txapelketako lehen saioan Libe Goenaga nagusitu da Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko api. 26a, 13:56

Atzo, eguena jokatu zeuten Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko lehen saioa, Eskoriatzan. Bertan, zortzi bertsolari izan ziren Zaldibar antzokiko oholtza gainean Libe Goenagak batu zituen puntu gehien, eta, zazpigarren postuan geratu zen, bestalde, Jon Mata bertsolari antzuolarra.

Puntu gehien Libe Goenagak batu zituen, 330,  eta pozik agertu zen egindako lanarekin. Libek ia ariketa guztietan lortu zituen puntu gehien, 8ko txikian izan ezik. Bere ariketa esanguratsuena, bestalde, ganbarakoa izan zan. 

Jon Mata "gustura" egindakoarekin

Oholtzan izan ziren gainontzeko bertsolarien artean, Jon Mata antzuolarra eta debagoiendar bakarra ere izan zen. Bi urte eta erdi, soilik, bertsotan aritu dela adierazi zuen saioan; Oñatin hasi zela Urko Arregirekin, eta, orain dela urtebete Antzuolan bertso eskola sortu zutela. Txapelketara animatzea erabakita, irabazteko asmo gabe, esperientzia bizitzera joan dela nabarmendu zuen saioaren amaieran. Gaineratuz, saioaz gozatze hutsa izan dela bere txapela. "Teknikoki nahi baino okerrago, baina, esperientzia oso ona. Lehenengo aldiz txapelketa baten aritzea bizi izan dut behintzat", adierazi zuen saio amaieran bertsolari antzuolarrak.

Zazpigarren postuan geratu zen antzuolarra, 269 puntu jasota, baina,  aretoa jendez beteta izan zen, eta horietako asko Mataren etxekoak eta lagunak. Pankarta ere jarri zuten zintzilik Zaldibar antzokian, eta, egunerako prestatutako kamiseta pertsonalizatuekin ere izan ziren hainbat lagun.

Eskoriatzako saioko puntuazioa, honakoa:
 
  1. Libe Goenaga Arrieta. 330
  2. Peru Aiartza Carajaville. 316,5
  3. Emaitz Murua Arzallus. 312,5
  4. Andoitz Urdapilleta Gurrutxaga. 302,5
  5. Antton Fernandez Lasa. 299,5
  6. Asier Ibarguren Amondarain. 297,5
  7. Jon Mata Etxaniz. 269
  8. Joar Garate Rueda. 258

 

Antolatzaileak "pozik"

"Oso sentsazio ona. Gogotsu geunden hasteko, ilusioz, eta gaurko saioa eta-gero, indartuta. Almeneko bertso eskolaren urteurrenari omenalditxoa egin nahi genion, eta horregatik hasi gara Eskoriatzan", azaldu zuen Beñat Azaldegik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak.

Hankamotx bertso eskolako ordezkaritza

Eskoriatzako Hankamotx bertso eskolako haurren gurasoek, bestalde, mokadutxoa ere  prestatu zuten ikus-entzule guztientzat, herrian egindako saioa eskertzeko modu gisa. Bertso-eskolako gaztetxoek, bestalde, ilusioz bizi zuten bertso ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak