Mari Carmen Eraña: "Bihotza pizten zait Eskoriatzan sartzen naizenean; ez nuke aldatuko"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mar. 7a, 19:30

Mari Carmen Eraña Eraña (Eskoriatza, 1933) elkarrizketatu du Maria Agirrek (1969, Aretxabaleta), Euskadi Irratiko kazetariak, Goiena telebistako Kontu kontari saioan. Gaur egun bizi den tokitik gertu, Tokartuen etxean jaiotako eskoriatzarraren bizitza pelikula bat egiteko modukoa da; izan ere, 3 urte zituela, gerra betean, Gironara alde egin behar izan zuen amarekin. Gerra amaitutakoan, etxera bueltatu ziren; gerraosteaz eta ondorengoaz aritu dira berbetan, kontu kontari.

Bordils (Girona) herrira ihes egin zuten, 3 urte zituela, amarekin batera, eta 6 urte zituela bueltatu zen. "Bidaia luzea izan zen. Elorrion izan ginen lehenengo, eta Bilbon itsasontzi bat hartu eta zortzi egun izan ginen itsaso zabalean ainguratuta. Gogoan dut bertan zegoen jendea ez zegoela ondo, ez zekiela zer geratzen zen, gaixo, amaieran oihuka… Itsasontzi bat iritsi zen, bandera zuri batekin, El Cervera zela esanez. Hark portura eraman, eta handik tren bat hartu genuen; hala, Bordilsen etxe batean egon ginen, familia batekin. Itsasontzia gerrakoa zen, eta amarekin maleta baten gainean egiten nuen lo. Umea nintzen arren, gogoratzen naiz une gogor haietaz. Batzuk gaixo, beste batzuk haurdun… Ordutik hona, beldurra ematen dit urak. Igerilekuan ere albo batetik joan izan naiz beti; itsasoa ez zait gustatzen".

"Gerratik ihesi, zortzi egun egin genituen ainguratuta itsaso zabalean"

Aita kartzelan ezagutu zuen

Martxoaren 30ean amaitu zen gerra, eta egun bat lehenago iritsi ziren Eskoriatzara Mari Carmen eta ama. Handik gutxira ezagutu zuen kartzelan zegoen aita ere. "Amandrea eta aitajauna beste baserri batean bizi ziren, eta hara joan ginen. Aita, berriz, Jose Eraña, kartzelan zegoen, eta, ezagutzen ez nuen arren, behin hura bisitatzera eraman ninduten. Hara joan, eta aitak maleta bat oparitu zidan eskolara joateko. Garai hartan eskolara joatea asko gustatzen zitzaidan, eta maleta barruan ditut gordeta orduko marrazkiak, eragiketak… Oroitzapen gisa ondo gordeta dut maleta".

Ondo gordetako sekretua

Oroitzapenak ondo gordeta ditu, eta ondo gordetako sekretu bat ere badu; orain arte sekula kontatu ez duena: "Ihesi zebilen nire osaba bat etorri zen. Izeba Julik, nire amaren arrebak, hotela zuen Deban, eta hamar egunez izan zen han. Harentzat konpromisoa zenez, baserrira etorri zen. Ganbaran tunelak zituen eginda… Hala, guardia zibilak etorri ziren bi bider; lehenengoan, ez zuten ezer aurkitu; eta bigarren aldiz etorri zirenean, ganbaran ere begiratu behar zutela esan zutenean, aitajaunak esan zien: 'Si buscáis oro a medias, ¡eh!'. Eta hori entzundakoan, gordelekuan sartu eta ez zuten harrapatu. Nik behin ikusi nuen, baina ez nion sekula inori ezer esan; amari ere ez".

"Nire osaba bat bi urtez egon zen baserriko ganbaran ezkutatuta"

Eskola, lana eta aisialdia

Eskolako garaiak ere gogoan ditu Erañak, mojetan. "Orduan autorik ere ez zegoen, eta harri-harrika, sokasaltoan… aritzen ginen. 17 urterekin, Bergaran, bulego batean izan nintzen lanean. Gero, Eskoriatzan, Tesan egin dut lan; 37 urte egin ditut bertan, katean, erretiroa hartu nuen arte. Denbora librean, berriz, Aretxabaletara joaten ginen futbola ikustera, Eskoriatzan dantzan egin, eta gero, zinemara. Domeketan mezara ere joaten ginen, guapa-guapa jantzita… Gaur egun, berriz, paseoan egiten dut eta tai txia egitera joaten naiz; gorputza mugitzeko oso ondo dago. Gero, ardo bat hartu eta ogitarteko bat jatera joaten gara jubilatuen tabernara. Eta gero, berriketan egiten dugu. Herrian adineko pertsonendako badaude gauzak, eta ez naiz kexatzen. Eskoriatza ez nuke aldatuko; Eskoriatzan sartzen naizenean, piztu egiten naiz".

Bidaiatzea zaletasun

Bizitzan zehar lan asko egin duela dio Erañak, eta jai zuenean bidaiatzeko aprobetxatzen zuela dio. Gaineratu du amaitu direla dagoeneko bidaiak. "Asko bidaiatu dut Aretxabaletako lagun batekin. Australiara, Errusiara, Egiptora, Kanadara… Australiako bidaia, esaterako, gogoangarria izan zen; hangoekin alde batera eta bestera aritu ginen. Nire lehengusinaren alaba han bizi da, eta oso ondo izan ginen. Bidaia guztiak gordeta ditut; argazkietan. Urte politak izan ziren haiek, oso zoriontsuak. Gainera, ez naiz sekula ezkondu, eta bidaiatzeko askatasuna nuen. Imsersoren bidez ere bidaiatu dut, Kutxaren bidez ere bai… Bidaiazalea izan naizen arren, ni beti Eskoriatzan bizi izan naiz: hemen moduan, inon ez."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak