Aranzadi Zientzia Elkarteko zenbait kide eta liburua osatzeko lanean aritu direnak Ibarraundin izan ziren, eta, lana nola egin duten azaldu zuten. Horrekin batera, liburu bana jaso zuten bertaratuek.
"Arkeologia aztarna hauen historia pixka bat bildu nahi izan du Aranzadik. Kronologia-memoria historko hori jaso nahi izan dugu, eta, horretarako elkarrizketa ezberdinak egin ditugu herrian, eta, artxibo ezberdinak aztertu ditugu, aldizkariak… aurkikuntza nolakoa izan zen adierazten dutenak, eta dena bildu dugu testuinguruan jartzeko", adierazi zuen Suberri Matelok, Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko kideak.
Eskoriatzako urrezko axtrokiak aurkitu zituztenen seme-alabaren bat izan zen saioan. Hain zuzen ere liburuaren aurkezpenean izan zen Axun Zubia, Bitoriano Zubia, urrezko axtrokiak bilatu zituen auzotar baten alaba. "Nire aita auzolanean ari zela, bizilagunen artean egin zuten aurkikuntza. Gaur, ekitaldira etorri gara eta liburuak zer jasotzen duen irakurriko dugu", azaldu zuen Axun Zubiak, Urrezko axtrokiak aurkitu zituen Bitoriano Zubiaren alabak.
Inazio Barandiaran ekitaldian izan zen
Xabier Peñalbak Burdin Aroko herri harresituen gainekoak izan zituen hizpide bere hitzaldian. Batez ere, Anoetako Basagaineko aurkikuntzak izan zituen berbagai, eta saioa borobiltzean, publikoan zegoen Inazio Barandiaran, Historiaurrean eta Antzinaroaren Historian adituari eman zion hitza.
Izan ere, bera izan zen urrezko axtrokiak eskuetan hartu, aztertu eta lehenengo txostena egin zuena. "Don Kruz Bolibarko parrokoak taxi bat hartu eta Fontaneda gaileta kaxa batekin agertu zen, Irunen. Barruan, berak esaten zuen bi esferako bi erdi zirela, bi ontzi ziren oso antzekoak tamainuz, eta urrezkoak. Hori, duela 50 urte gertatu zen, eta, Irunen, Ama Xantalenen egiten ari nintzen lana amaitzean, Don Kruz-en etxera etorri nintzen, Bolibarko parrokia-etxera, lau edo bost egun entzerratu nintzen, eta oso sakon aztertu nituen".
Bertaratutakoei urrezko axtrokien gaineko zenbait bitxikeria kontatzeko eere aprobetxatu zuen saioa, eta, bertaratu ziren herritarren interesa ere piztu zuen gipuzkoar historialariak esan zituenak.