Edorta Zubizarreta: "Geotermia proiektua birplanteatuz, inbertsio kostua murriztu dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ots. 16a, 18:30

Aurreko agintalditik datozen proiektuak bideratzea eta aurrekontua onartzea izan dira, besteak beste, alkatearen hilabeteotako zeregin nagusiak. Herritarren ekarpenak jasotzeaz gain, musika eskolaren kokapenari irtenbidea ematea da erronketako bat.

Astelehenean izan zen Edorta Zubizarreta Eskoriatzako alkatea Goiena telebistako platoan. EH Bildu ordezkatzen alkatetzan zazpi hilabete egin ostean egin duen balorazioa positiboa da, eta, aurreko agintalditik egiteko zeudenak mahai gainean jasotzeaz batera, esku artean proiektu berriak dituztela gaineratu du.

Ez da lehenengo aldia Zubizarretarena Eskoriatzako Udaleko jardunean: 1999tik 2003ra bitartean herriko alkatea izan zen, eta zinegotzi, aurretik, 1995etik 1999ra bitartean. Aurreko esperientziak lagundu arren, 20 urteren ostean gauzak aldatu egin direla dio, eta, batez ere, aldaketa teknologikoetara egokitu behar izan duela nabarmendu du. Bi hamarkada hauetan eguneroko lanak egiteko modua aldatu egin dela dio, eta gaur egun herritarrak geroz eta gehiago gerturatzen direla ere azpimarratu du.

Aurrekontuak onartuta

Agintaldi honetako lehenengo erabakien artean, azpimarratzekoa izan da 2024ko udal aurrekontua onartu dutela Eskoriatzako udalbatzako kideek. 6.101.465 euroko aurrekontua da, eta, izango dituzten sarrerak eta gastuak zeintzuk diren finkatuta, lizitazio berrien igoerek eragin dutela udal aurrekontuan azpimarratu du Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak: "Kale garbiketarena 51.000 euro gehiago, lorezaintzarena 36.000 euro gehiago eta etxez etxeko zerbitzuarenak 90.000 euro gehiago. Horiek gastuetan eragina izan dute, baina hiru kontratu edo zerbitzu horietara diru gehiago bideratu behar izan dugu; izan ere, kontratu horiek duela bost urte egindakoak ziren, eta lan-baldintzak hobetzeko beharra zegoen. Orain arte, hitzarmen estatala zuten, eta orain, berriz, hitzarmen propioa egin dugu, lehenengo aldiz".

Oposizioak ezeko botoa eman zion EH Bilduren Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuari, "eskasak" direla adieraziz, eta "diru gutxi" bideratu dituztela inbertsioetara erantsiz. "Nik dakidanez, proposamen bakarra egin dute. Gainera, ez da batzorde baten egindakoa; udaletxean egindako ohiko sarrera baten bitartez egin dute. Alferrikakoa da dirutza handiko proiektuak sartzea aurrekontuan, gero ez gauzatzeko…".

Geotermia proiektua, aurrera

Aurrekontua iazkoa baino %23 txikiagoa da, eta horren arrazoia ere azaldu du Zubizarretak: "Iaz, geotermia ezartzeko proiektu handi bat ezarri zuten, 1.400.000 eurokoa. Horrek aurrekontu guztia baldintzatu du, eta diru hori aurtengo aurrekonturako ez da sartu, gerakinetik egingo dugulako. Gerakinetik 2.500.000 euro inguru ditugu, eta gero, Foru Funtsetik 200.000 euro gehiago izango ditugu sarreretan. Mailegurik, bestalde, ez dugu eskatuko".

Geotermia proiektua Manuel Muñoz kiroldegian eta Luis Ezeiza ikastetxean ezarriko dute

Hasiera batean egindako planteamenduarekin, bost udal eraikin hornitzea aurreikusten zen geotermiarekin: kiroldegia, Luis Ezeiza ikastetxea, frontoia, Haur Hezkuntzako eraikina eta Kulunka. Baina aldatu egingo dute planteamendua. "Dirulaguntzetatik jasotakoaz gain, Eskoriatzako Udalak egin beharreko inbertsioa 750.000 eurokoa izango litzateke. Hala, azterketa bat eskatu genuen, gaur egun dugun kontsumoari begira, eta zenbat aurreztuko genuen aurreikusteko. Lan hori amortizatzea 20- 25 urtekoa izango zela ikusita, ez zela errentagarria izango ikusi genuen. Birplanteatu egin dugu proiektua, eta, dirulaguntza berekin, kiroldegia eta Luis Ezeiza ikastetxea hornitzea pentsatu dugu, hasiera batean. Udalarentzat 450.000 euroko inbertsioa izango litzateke. Hau da, 300.000 euro gutxiago bideratuko ditugu proiektu horretara. Gas gutxiago kontsumituko dugu proiektu horrekin, eta, 2030erako murrizketa batzuk eskatzen zaizkionez Udalari, beteko genuke murrizketa hori egitea".

Gimnasio berriko lanak

Inbertsioei erreparatuz, Manuel Muñoz kiroldegian hutsik dauden bi eremu libre baliatuko ditu Eskoriatzako Udalak gimnasio berria egiteko. Lanak martxan daude, eta hiru edo lau hilabeteko epean amaituko dituzte. "1.300 bazkide ditu kiroldegiak, eta gimnasioak sekulako erabilera du. Txiki geratu da, eta muskulazioko gelan ez da sartzen jendea. 200 metro karratu inguru gehiago izango ditugu orain, eta horrek leku arazoa kenduko du".

Kiroldegiaz gain, kirola egiteko lokalen falta ere badagoela herrian dio Zubizarretak: "Joseba Iñurrategi frontoiaren erabilera ere handitzen joan da. Orain arte, eskupilotakoak eta arku tiro taldekoak izan dira. Orain, areto futboleko beste bi talde ere hasi dira, eskaerak ere handitzen ari dira, txapelketak ere antolatu dira… ".

Musika eskola, inbertsio handia

Lapurreta izan zuten musika eskolan abenduan, eta, orduko kalteez gain, musika eskolaren kokapen aldaketa herritarren eskaeretako bat da aspalditik. Erronka zaila dutela aurrean dio alkateak. "Bere garaian, musika eskola lekuz aldatzeko erabakia hartu zen; nire ustez, erabaki okerra izan zen. Badakigu musika eskolaren kokapena ez dela aproposa; soto batean dago, hezetasuna itzela da, eta hogei urte inguru daramatzate bertan. Leku zabalagoa beharko lukete, baina musika eskola lekualdatzeko proposatu ditugun bi eraikinetan sekulako inbertsioa egin beharko genuke, bietan. Proiektu bat dugu 800.000 euroko inbertsioa egin beharko genukeena, eta dirulaguntzak ezinbestekoak izan beharko lirateke proiektua aurrera eramateko".

Musika eskola lekualdatzeko zailtasunekin, bi proposamen dituzte esku artean

Elizateetako beharrak asez

Eskoriatzako Elizateen Elkartea Udalean ez egon arren, haien ordezkariekin, auzo-alkateekin, batzen dira euren beharrak asetzeko. "Dirulaguntzak landa-bideetara bideratzen dira, eta, lehendik zegoen argiteria publikoaren proiektuarekin jarraitzeaz gain, auzo-taxi proiektua ere martxan jarri nahi dute. Auzo eta elizateetako jendeari laguntzeko, herriko taxilariak prest egongo dira bidaiak egiteko."

Elkarrizketa osoa, gaur

Goiatz Arana Goienako kazetariak Eskoriatzako alkateari egindako elkarrizketa osoa gaur, egubakoitza, izango da ikusgai, 18:20an, 20:20an eta 22:20an, Goiena telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak