Jubilatuen beharrak eta Energia Plana hizpide osoko bilkuran

Imanol Beloki Unamuno 2023ko api. 26a, 16:47

Ohiko osoko bilkuraren aurretik, Eskoriatzako ikastetxeetako ikasleek Agenda 2030aren baitan aztertu dituztenak izan zituzten berbagai. Gero, ohiko osoko bulkuran, nabarmentzeko bi puntu jorratu zituzten. Batetik, EAJk aurkeztutako Energia Planaren kontra bozkatu zuen EH Bilduk, eta "landuagoa" aurreikusten zutela azpimarratuz. Bestetik, jubilatuen tabernaren gainean urratsak egin diren galdetzera joan ziren zenbait herritar osoko bilkurara.

Eskoriatzako ikastetxeetako ikasleek hiri jasangarrien helburua landu dute; batez ere, energian zentratuta. Bi urteko programaren gainekoak eraman zituzten ezohiko bilkurara. Batetik, ikasturte honetan egin duten herriko diagnosian batutakoak komentatu zituzten, eta, bestetik, datorren ikasturtean herri mailan esku-hartze bat egingo dutela adierazi. [Hemen, irakurritako proposamenak].

Eskoriatzako haurrek udalbatzako kideen aurrean egindako irakurketa unea.

Eskoriatzako osoko bilkuren aretoa beteta martitzeneko plenoan.

Martitzenean egindako apirileko ohiko bilkuran tratatu zituzten gaietatik bi izan ziren zeresana eman zutenak: EAJk aurkeztutako Eskoriatzako Udalaren Energia Plana onartzea izan zen bata; bestetik, galde-eskeen tartean, herriko zenbait erretiratuk eskaerak egin zituzten.

Energia Plana, aurrera

Hiri jasangarriagoa izateko bidean Energia Plana teknikarien eskutik eginda dagoela adierazi zuten Udal Gobernuko kideek. Baiezko sei boto eta ezezko lau jaso zituen puntuak. "Guretzat proiektu inportantea da; izan ere, Energia Planak esango digu energia jasangarriaren garapenak nondik joan behar duen herri honetan. Horrekin batera, legez behartuta gaude halako plangintza bat izatera; eta dirulaguntzak eskatzeko ere ezinbestekoa da. Onartu egin dugu, eta horrek baimenduko digu aurrekontuak onartu genituen garaian, esaterako, geotermia sistema aurrera eramatea…", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak. Oposizioko kideek, aldiz, kontra bozkatu zuten. "Ulertzen dugu dokumentua ez dagoela osatuta. Ikusten da, gainera, dokumentuaren idazkeran eta ataletan guztiz garatu gabe dagoela. Ahulgune asko ditu eta udaletxearen energiaren erabilpenean zentratzen da, baina udaletxeko energiaren kontsumoa herrian %3koa da… Guretzat oso motz geratu da", adierazi zuen Nestor Aranak, Eskoriatzako EH Bilduko bozeramaileak.

Jubilatuen tabernaz galdezka

Eskoriatzako jubilatuen taberna itxita dago abendua ezkero; hala, han zer egiteko asmoa duten galdetzera joan ziren Eskoriatzako zenbait lagun martxoko ohiko osoko bilkurara. Orduan, Olazar Erretiratuen Elkarteko juntakoekin elkarlanean erabaki bat hartuko zutela esan zuten udalbatzako kideek, eta martitzen honetako osoko bilkurara berriro joan ziren zenbait erretiratu, urratsak egin ote dituzten galdetzera. "Sozializatzeko espazio bat eskatzen dugu, beste barik, egoteko. Eraikinaren egoera ez da ona, hezetasun handiak daude, eta leku goxo baten beharra dugu. Egingo da ezer eraikinarekin? Jarriko da egoera duinean? Noiz?…". Halakoak galdetu zituzten.

 

Sozializatzeko gune eske joan ziren zenbait herritar apirileko osoko bilkurara

Eskoriatzako zenbait herritar pleno aretoan.

"Taberna lizitatu egingo da"

Horren harira, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak azaldu zuen taberna irekitzeko lizitazioa egongo dela, baina denbora behar duela azpimarratu zuen. Esan zuen kultura etxeko eraikineko gelak erabili ditzaketela, giltza jubilatuen elkarteko ordezkariei eskatzen badiete…

"Argi eta garbi utzi nahi dugu tabernarik ez dagoela, hango arduradunak uko egin zuelako; Udalak ez du itxi. Orduan esan zenez, taberna ixtearen arrazoietako bat izan zen zerbitzuak ez zuela bizitzeko dirurik ematen. Horrekin batera, beste era batera ere sozializatu daiteke, ez dakit taberna derrigorrezkoa den… Gainera, lokal horiek erabiltzeko giltza jubilatuen elkarteak du, eta haiengana joan zaitezkete giltzak eskatzera lokala erabiltzeko; soilik taberna dago itxita. Jubilatuen elkartekoekin taberna autogestionatzea jarri zen mahai gainean, ez dute konpromisorik nahi; beraz, orain, arazoa gure gain hartu behar dugu, baina denbora behar dugu. Esan duzuen moduan, taberna horrek ez ditu baldintzak betetzen. Horrek lizitazio publiko bat eskatzen du; gu ere arduratuta gaude. Laburbilduz, lizitazioa egingo da, baina bere denbora beharko du", adierazi zuen Joserra Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak