Eskoriatzako Udalak aurten ere Gabonetako apaingarrien lehiaketa antolatu du, baina berezitasun batekin: aurtengo helburua lorategiak, zuhaitzak, espazio publikoak, auzoa eta antzekoak apaintzea izan da, eta, auzoen eta elizateen arteko parte-hartzea handitzeko asmoz, horiek apaintzera mugatu da lehiaketa. "Parte-hartzea txikia izan da edizio honetan, baina egindako lanak benetan ederrak izan dira. Merezi du horietara hurbildu eta egin dutena ikustea", adierazi dute Eskoriatzako Udaletik.
Egindako lanari balioa
"Bi parte-hartzaile egon dira, eta bietan erabili dituzten elementuak birziklatuak izan dira. Benetan harrigarria da nola enbor zati batzuk katu, txerri edo asto bihurtu diren. Eta nola egurrarekin, kartoiarekin eta halako gauzekin Errege Magoak eta Olentzeroren txabola egin diren". Aurtengo lehiaketan sari bakarra egon da, 300 eurokoa, eta Intxaurtxueta auzoa apaindu duen taldeak eraman du. Sari horrez gainera, Marin elizateko Bedebeitibekoa baserriak 100 euroko accesita jaso du, baserri inguruan egindako lan ederragatik.