2023rako, 7,9 milioi euroko aurrekontua onartu du udalbatzak

Imanol Beloki Unamuno 2022ko abe. 23a, 09:48

Abenduko ezohikoa izan dute asteon udalbatzako kideek, eta Eskoriatzako Udalaren 2023ko ekitaldirako aurrekontu orokorra onartu zuten; bozketaren emaitza honako hau izan zen: aldeko zazpi boto (EAJ eta Elizateak) eta kontrako lau boto (EH Bildu).

Agintaldi honetako azken aurrekontua onartu zuten martitzenean Eskoriatzan. Iazkoarekin alderatuta, %49 handiagoa. Zinegotzi berri baten kargu-hartzea ere onartu da abenduko osoko bilkuran. EH Bilduko Ander Errarteren ordez Xabi Uriarte eskoriatzarrak jardungo du aurrerantzean.

Inoizko aurrekontu handiena

Aurrekontuak bi helburu nagusi dituela adierazi zuen Josu Ezkurdiak, EAJko bozeramaileak: "Inoiz baino handiagoak izango dira datorren urterako aurrekontuak. Batetik, aurrekontu orekatuak prestatzen saiatu gara; ohiko sarrerak eta ohiko gastu arruntak berdinak izatea oreka finantzarioa lortzeko eta defizit estrukturalik ez sortzeko. Eta, bestetik, Eskoriatza eraikitzen jarraitu nahi dugu, proiektu estrategikoekin. Hau da, inbertsioetan apustu handia egingo dugu. Horrekin batera, Gizarte Zerbitzuak indartu nahi ditugu egungo egoeragatik; herritarrek laguntza behar dute, eta, beraz, diru partida handitzea da asmoa. Dirulaguntza programak indartuko dira, energia-bonuak aterako ditugu, eta inflazioaren kontrako erosketa-bonuak ere bai". Inbertsioetarako diru sarrerak, berriz, Jaurlaritzaren eta Aldundiaren dirulaguntzetatik –718.000 euro– etorriko direla gaineratu du Ezkurdiak, eta mailegu bat eskatuko dutela –1,5 milioi euro–, Energiaren Euskal Erakundearen Gauzatu bitartez.

EH Bilduk ekarpenak egin zituen, baina EAJk ez zituen onartu. "Ekarpen interesgarriak dira, baina proiektu gehienak formakuntzak ziren, jendeari erakusteko energia-fakturak nola murriztu… Teorizatu baino gehiago, ekin egin behar dugula uste dut. Gure planteamendua dirulaguntza-bonuak ateratzea izan da; adibidez, datorren astean faktura ordaindu behar duten familiei laguntzeko. Uste dugu EH Bilduren planteamendua nahiko irreala izan dela gaur egungo egoera ikusita".

2.270.000 euro inbertsioetarako

Energia jasangarria bultzatzeko, Geotermia sistema ezartzea izango da 2023ko aurrekontuetara bideratu nahi duten inbertsio nagusia. Udal eraikinetan, hau da, Manuel Muñoz kiroldegian, Luis Ezeizan, udal liburutegian eta Joseba Iñurrategi pilotalekuan ezarri nahi dute sistema. Argiteria gastua eta, bereziki, gasaren dependentzia murriztea, energia jasangarria erabiltzeko asmoz, guztira, 1.842.000 euro bideratuko dituzte lan honetara; hala, karbono aztarna jaisteko, faktura jaisteko eta instalazio horietako zerbitzuak hobetzeko. "Proiektu honekin batera, Luis Ezeizan kalefakzio sistema hobetuko genuke, eguzki panel gehiago jarriko genituzke kiroldegian, eta sabaia konpondu; horrek itoginen arazoa kentzeko aukera emango digu…", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak. Beste proiektu esanguratsu bat skate parke berria egitea izango litzateke, aisialdi eta kirol atalean. "Gaur egun, estazio zaharrean dugun skate parkea oso egoera txarrean dago, eta berria egiteko 80.000 euroko inbertsioa egingo dugu. Aretxabaletan dagoen antzekoa izango litzateke; hormigoi estiloko materialarekin, mantentze aldetik hobea, eta parkearen bizitza luzeagoa egiteko. Horrekin batera, diru partida handi bat elizateetara bideratuko dugu. Hain zuzen ere, 175.000 eurokoa".

EH Bilduren ekarpenak

Herritarrentzako energiaren gaineko aholkularitza-zerbitzu bulego bat jartzea proposatu zuen EH Bilduk, herritar askok faktura bat irakurtzeko izan ditzaketen zailtasunak kontuan hartuta. Energia komunitatea sortzen laguntzea; hau da, herritarrak ahalduntzea. Eta, hirugarren ekintza gisa, garraio jasangarriaren sakontze-lana egitea, politikariak eredu izateko. "EAJren proposamenean dirulaguntzak ematen dituzte energia-kostuetan laguntzeko, baina horrekin sistema mantentzen ari gara; horrela ezin dugu jarraitu. Horrela, herritar pasibo eta kontsumitzaile bat mantentzen ari gara, eta ez dugu ikusten. Horrekin batera, iaz, energia plan bat adostu genuen eta horregatik eman genien baietza, eta egin gabe dago. Energia plana 2030era begirako erronkak nola egin behar ditugun ezartzea da herri bezala, eta Udala bakarrik dago. Ez dugu ikusten nola geotermia izan daitekeen kasurik onena. Ez dugu teknologia hau baztertzen, baina ez daude beste proposamen batzuk irudikatuta. Udala zorpetu egin behar dugu datozen zazpi urteetarako geotermia proiektu honetarako. Dirulaguntza eskatu da, aurreproiektua egin da, eta orain proiektua; etxea atzekoz aurrera egiten ari dira. Guk 120.000 euroko partida bat ezartzea eskatu dugu, eta ez da negoziatzeko borondaterik izan; beraz, ezetza eman diegu", adierazi zuen Nestor Aranak, EH Bilduko bozeramaileak.

Elizateak, "pozik"

"Akordioa dugu EAJrekin, eta gure proposamena egin genien. 175.000 euro inguruko partida bideratuko da; eta horrekin oinarri bera mantendu dugu. Sastrakak kentzeko zerbitzua izatea, elurra kentzeko zerbitzua, bide konponketetarako zerbitzua izatea… eta, berrikuntza moduan, landa lurzoruen digitalizazioari begirada jarriz, Aldundiaren dirulaguntza bat baliatuz, programa sustatzea eskatu dugu. Helburua da landa lurzoru publikoak edo pribatuak eguneratzea gaur egungo tresna teknologikoak erabiliz; horrela, onura emango dio norbanakoari, landa lurzoruen mugak identifikatuta eta adostuta izango dituelako, eta, era berean, Udalak argazki erreal bat izango du gaur egungo landa eremuez. Onartu den beste ekarpen bat izan da zenbait elizatetan telebista seinalearekin arazoak izan direla eta lortu dela antena bat jartzea; seinalea baserri guztietara iristeko hobekuntza batzuk egin behar dira; kostu horretan ere laguntzeko partida bat bideratuko da", adierazi zuen Leire San Vicentek, Eskoriatzako Elizateen Elkarteko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak