Gorabeherekin baina haziz doan herria da Eskoriatza

Mirari Altube Arrese 2022ko aza. 29a, 07:54

Hogei urtean 229 biztanle irabazi ditu Eskoriatzak eta, gainera, 2019 eta 2021 urteen artean goranzko joera hartu du. Adin taldeei dagokienez 20 urtetik beherakoak hazi egin dira baina ez dira %18ra iritsi azken hamarkadan; 60 urtetik gorakoen taldea, ostera, 7 puntutik gora hazi da eta populazioaren ia %30era iritsi da.

2000. hamarkada hasierako beherakadaren ostean goranzko joera hartu du Eskoriatzako biztanleriak, nahiz eta gora behera batzuk izan tartean.

 

2002 eta 2004 artean galdu egin zituen biztanleak, baina ondoren, 2004 eta 2008 artean gorazko joera hartu zuen eta azken urte horretan 119 biztanle irabazi zituen; baita 4.000 biztanleko langa gainditu ere. Beste igoera bat 2011 eta 2014 artean izan zuen, 69 irabazita. Baina ondoren, 2014 eta 2019 artean beherantz egin zuen eta biztanleak galtzen joan zen. 2019an berriro ekin zion goranzko bideari, eta iaz, 2021ean, orain arte izan duen biztanle kopuru handiena zuen: 4.131.

Jaiotze kopuruari dagokionez 2001ean izan zuen handiena; 63 ume jaio ziren orduan. 2012an, lehenengoz, heriotza kopurua (35) jaiotza kopurua (34) baino handiagoa izan zen. Eta azken bi urteetan ia bikoiztu egin dira heriotzak jaiotzeekin alderatuz.

 

 

Adinari erreparatuta, 20 urtetik beherakoen kopurua hazi egin da 2001az geroztik baina azken hamar urteetan apenas egon da aldaketarik; hala, biztanleriaren ia %18 da. 60 urtetik gorakoen tartea, ostera, hazi egin da urtez urte, guztira 7 puntu pasa, eta gaur egun, ia %30 da. Helduen adin taldea, bestetik, bederatzi puntu pasatxo murriztu da.

 

 

Migrazio mugimenduei dagokienez, Debagoieneko gainerako herrietan legez, EAE barruko mugimenduak izan dira nagusi. Orokorrean, 2019a izan zen joan-etorri gehien izan zituen urtea; 179 biztanlek alde egin zuten herritik eta 173 lagun etorri egin ziren. Hala ere, 2021ean galdu zituen herritar gehien lekualdaketagatik, 183 hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak