Erle guztiak galtzear, liztor asiarraren erruz

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 3a, 16:29

Liztor asiarrek –Vespa velutina– eragiten dituzten arazoak eta kalteak ez dizkietela soilik erlezainei eragiten dio Iñaki Zurutuza eskoriatzarrak. Kalte horiek biodibertsitate osoan eragiten dituztela dio, baina ez dakite konponbidea zein izan daitekeen.

Duela lau urte inguru hasi zen Iñaki Zurutuza eskoriatzarra erleekin lanean, eta orain arte ondo joan zaiola dio, eta Mazmela elizatean duen erlategitik ezti dezente atera izan duela azpimarratzen du. Hala ere, Vespa velutina, hau da, liztor asiarren gorakada itzela jaso du aurten erlategian, eta bertan dituen erle guztiak galduko dituelakoan dago.

"Urte hauetan jasan dut liztor asiarren eragina, baina aurtengoa bezalakorik ez dut sekula ikusi. Aritu izan naiz liztor asiarrak harrapatzeko tranpak jartzen, baina ez da nahikoa izaten. Hori horrela, aurtengoa ikusita, erlauntz guztiak galdu behar ditut. Erleak ezin dira irten, liztor asiarrez beteta dituztelako erlategiko sarrerak; eta uraren eta polenaren bila irten beharra dute, esaterako. Gainera, erlekumeak eramaten dituzte, eztia jan... sekulako sarraskia egin dute. Horrez gain, erlezainak ez gara kaltetu bakarrak; biodibertsitatean duen eragina izugarria da. Izan ere, bestelako intsektuei edo frutei ere eragiten diete, eta uste dut ez dela erlezainen arazoa soilik, guztioi eragiten digute liztor asiarren kalteek".

Konponbide zaila

Aurtengo egoera ikusita, zalantzak ditu Zurutuzak erlategiarekin jarraitu edo ez. "Erabakia ez da erraza. Kontua da datorren udaberrian erlauntz gehiago jarri beharko nituzkeela, baina udazkenean berdina gertatuko litzaidake. Arazoa deuseztatzeko, egongo dira ikerketak egiten, edo, agian, martxan da zerbait. Guk ahal duguna egiten dugu, tranpak jarriz... Orain, erlamandoak harrapatzen dira horietan, baina udaberrian eragin behar da. Izan ere, orduan harrapatzen dira erreginak, eta eraginkorragoa dela uste dut. Betiere, liztor asiarren habiak lokalizatu eta deuseztatu behar dira...".

Protokoloa jarraituz

Liztor asiarren habiak lokalizatzean protokoloa jarraitu behar dela dio, bestalde, Fermin Lezeta basozainak. "Habia ikustean,  Udaltzaingoari abisatu behar zaio, eta pertika batekin pozoia sartzen diete. Leku zailean badaude, basozainak edo suhiltzaileak arduratzen dira, eskopetekin tiro eginaz...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak