Lanketa ona egiteko, elkarlanari balioa ematea eskatu dute talde feministek

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 23a, 15:01

Emakumeen aurkako sexu indarkeria matxistaren inguruan egindako adierazpen instituzionala bertan behera geratu arren, talde feministek ekarpenak eta galderak egin dituzte, "gaiaren seriotasunak lanketa sendoa" behar duela adierazita.

Ekaineko ezohiko osoko bilkuran, azpimarratzekoa izan zen EAJk aurkeztutako adierazpen instituzionala: Gipuzkoa emakumeen aurkako sexu indarkeria matxistarik gabeko jaien alde. Bilduren abstentzioarekin ez zuen udal talde guztien babesik izan adierazpenak, baina bere fruituak eman zituen gaia mahai gainean jartzeak; izan ere, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik eta Eskoriatzako Neska Gazteak taldekoak eta Debagoieneko Guerreras taldekoak bertan izan ziren ekarpenak egiten.

"Adierazpena ez da aurrera atera, eta pena da, Gipuzkoa mailan ideologia ezberdinekoek onartu duten arren Eskoriatzan ez delako irten. Hala ere, pozik gaude eman dugun pausoagatik. Horrez gain, herritar talde bat etorri da ekarpenak egitera, eta betikoa; dagokion batzordean landuko dugu, teknikariekin batera, eta bideragarria dena aurrera aterako dugu, eta ez dena, ez. Alde horretatik, poztekoa da herri partaidetza", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, EAJko bozeramaileak. EH Bilduk, bestalde, abstenitu izanaren zergatia argudiatu zuen: "Herritarren ekarpenak zuzenagoak dira, eta eztabaida sakonagoa da. Hala, abstentziora jo dugu, penaz, adierazpen instituzionalak indar bat duelako, baina ezin gara bere horretan geratu, gai hauek jorratu egin behar dira, eta ekintzak proposatu", adierazi zuen Nestor Aranak, EH Bilduko bozeramaileak.

Elkarlanari balioan ematea

"Urte osoko lanketa egin beharko litzateke, genero indarkeria ez delako jaietara soilik mugatzen. Ekarpen sorta bat egin dugu, eta helburua da genero formakuntza bat egotea administrazioan eta herrian, eragile ezberdinekin, elkarlanean. [Talde feministetako ordezkariek egindako proposamenak]

Jaiei erreparatuz, bestalde, puntu lila bat dago, eta ez dugu informazio berezirik jaso; ordutegi laburra du, eta horretatik kanpo Udalak badu erremintarik nola jardun jakiteko? Horrekin batera, Eskoriatzako Neska Gazteak taldekoek protokolo bat egin dute euren aldetik, eta berriro diot, urte osoan sustatu behar dugu elkarlana", adierazi zuen Lore Diaz de Gereñuk, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak