ALBISTEAK

San Pedro jaietako berritasunak, aurkeztuta

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 9a, 11:05

Sanpedroek egun bat gehiago izango dute; pregoilariak herriko osasun langileak izango dira; urrezko axtrokien erreplika berriak egin eta erakusketa izango da… Gainera, San Inazio bezperan izango den ikuskizun piromusikalaren berri ere eman dute, Juan Carlos Zubiaren omenez egingo dena.

San Pedro jaiak ekainaren 28an hasiko dira, eta, jaietarako prestatutako egitarau osoa laster aurkeztuko duten arren, udal ordezkariek jaietarako hitzordu garrantzitsuen eta berritasunen gaineko prentsaurrekoa egin dute asteon.

Pregoilariak osasun langileak

Aurten, San Pedro jaiak ekainaren 28an hasiko dira eta egun bat gehiago izango dute, uztailaren 2ra arte, hala, asteburua ere ondo aprobetxatzeko. Jaiei hasiera emateko ardura osasun arloan lan egiten duten hainbat eskoriatzarrek izango dute. "Aurten, pandemia ondorengo lehenengo jaiak izango dira, baina ez ditugu iraganeko uneak ahaztu nahi. Pandemian sektore soziosanitarioek egin duten lana aitortu nahi dugu. Horregatik, jaietako pregoilariak izango dira. Pandemiaren unerik gogorrenean lehen lerroan egon ziren, pandemiaren unerik gogorrenetan lehen borroka lerroan egon ziren, haien bizitzak arriskuan jarriz beste batzuk salbatzen laguntzeko. Hilabete haietan orduak, ametsak eta senideen besarkadak eta musuak sakrifikatu zituzten. Gizarteak lan hori aintzat hartu eta baloratzen jakin zuen. Udalak ere parte hartu nahi du esker on horretan, eta herri osoaren aurrean egin nahi dugu, San Pedro jaien hasieran", adierazi zuen Antonio Regañok, Eskoriatzako Udaleko jaien arloko zinegotziak. Pregoiaren ostean egingo den brindiserako, gainera, Eskoriatzako merkatariak ere gonbidatuko dituzte udal ordezkariek, pandemian egindako lana eskertzeko.

Iñigo Urrutia eskoriatzarrak egindako San Pedro jaiak 2022ko kartela.

Ekintza berriak

Sanpedroetako programan, berritasunen artean azpimarratzekoak bi hitzordu hauek dira: batetik, ekainaren 28an, 17:00etan, 2021ean jaiotako haurrei ongietorria egingo zaie udaletxean, eta haien lehenengo txupinazorako gertu egoteko jaietako zapia oroigarri gisa eman eta talde argazkia aterako da. Bestetik, ekainaren 30ean, dastatze solidarioa izango da, eta bertan haragi tapa txiki bat dastatu ahal izango da; Eskoriatzako elkarte gastronomikoetako kideek egina. Dirua, berriz, Ukrainako gerrako kaltetutakoentzat izango da.

Kontzertu eta ikuskizun azpimarragarrienak

Ekainaren 29an, gazteentzat, Goazen ETBko taldea izango da, eta gauean Kilimak Hernaniko taldeak joko du. 2018an sortutako taldea da eta 2020an Euskadi Gaztearen maketa lehiaketan entzuleen saria irabazi zuen. Plaza osoa dantzan jarriko du bere rumbarekin.

Hilaren 30ean, goizean, ez dira faltako mariatxi klasikoak, eta gauean, rocka iritsiko da Eskoriatzako Fernando plazara. Izan ere, AC DC talde mitikoaren bertsioak egiten dituen Bon Scott Revival Show taldea izango da oholtza gainean.

Uztailaren 2an, festak amaituko dira Nafarroako En Esenzia orkestrarekin. Bilboko Aste Nagusian eta San Fermin jaietan aritu izan dira, eta baita ETBk duela hilabete batzuk transmititutako Tolosa oholtzan jaialdian ere. Erromeria talde klasikoak ere ez dira faltako, izan ere, Iratzar taldea eta Lehian taldeak izango dira.

Berritasun gisa, hilaren 29an Gorosarri plazan egingo den rap eta trap jaialdia nabarmendu behar da. "Mota guztietako musika izan nahi izan da aurtengo San Pedro jaietako programan txertatu, eta eskoriatzar bakoitzak merezi bezala gozatu ahal izango ditu jaiak, bi urteko etenaldiaren ondoren", adierazi du Regañok.

Horrekin batera, gaineratu du, Puntu lila gunea ere izango da Santa Marina plazako sarreran, ekainaren 28an eta 30ean, eta uztailaren 1ean eta 2an, 19:00etatik 22:00etara bitartean.

Eskoriatzako txosna batzordearen egitaraua

Axtrokien erreplika berriak

Jaietako beste hainbat hitzordu esanguratsu aipatzeaz gain, San Pedro egunaren bezperan, ekainaren 27an, 19:00etan, Ibarraundi museoan irekiko den erakusketaren berri ere eman zuten. Izan ere, Axtrokiko ontziak aurkitu zituzten 50. urteurrena izanda, erreplika berriak egin dituzte, eta horiek ikusteko bisita gidatuak egingo dira. Bisitak San Pedro jaien egunetan izango dira, eta baita ere uztail osoan zehar, martitzenetan.

San Inazio bezperan, ikuskizuna

Jaien gaineko nondik norakoak aurkezteaz batera, San Inazio bezpera egunerako antolatu duten ikuskizun piromusikalaren berri emateko ere aprobetxatu zuten udal ordezkariek, horretaz arduratuko diren Vulcano pirotekniako ordezkariak bertan zirela aprobetxatuta. Juan Carlos Zubia arduratzen zen ikuskizun honetaz, eta haren omenez egingo dute ikuskizuna. "Guretzat galera garrantzitsua izan zen Juan Carlos Zubiarena, eta hasieratik garbi genuen omenaldi handi bat antolatu beharra geneukala. Hark herriari asko eman zion, eta ekitaldi berezia izango da", adierazi zuen Joserra Zubizarreta alkateak. 

San Inazio bezperako ikuskizun piromusikalaren kartela.

Uztailaren 30ean 22:45ean izango da piromusikala, eta kultura etxeko eraikinaren atzean beharrean –piromusikala egiten zen ohiko lekua–, estazio zaharrean izango da ikuskizuna. Aurkezpenean Haritz Zubia, Juan Carlos Zubiaren semea, izan zen; eskerrak eman zizkien Eskoriatzako udal ordezkariei, herriari, eta baita ikuskizunaz arduratuko diren Vulcano pirotekniako kideei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak