Ikastolak herriarekin bat egiteko festa zapatuan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 1a, 15:32

Arizmendi ikastolak antolatutako 24. Ferixie ospatuko da zapatuan, eta, urtero moduan, askotariko produktuak batuko ditu azokak. Guztira, 90 postu izango dira, bertako ekoizle eta artisauek jarritakoak eta kanpotik datozenek ezarritakoak.

Arizmendi ikastolak antolatutako Ferixie zapatu honetan ospatuko da. Azken bi urteetan Arizmendiko Jose Arana guneko irakasleek, haurrek eta gurasoek jaiegunari nolabaiteko keinua egin dioten arren, ekintza xume batzuekin, aurtengoa 24. edizioa izango da, eta, aurreikuspen handiekin, gogoz daude egunerako.

Eskoriatzako Ferixie Jose Arana gunea hasi zen antolatzen, eta hasierako helburu bera mantentzen dutela adierazi du Jon Kortazarrek, Arizmendiko irakasleak: "Ikastola herrira zabaltzea zen hasierako asmoa, eta bide horretan antolatzen jarraitzen dugu. Urte asko dira jaia ospatzen dela, eta ikastola herrira zabaltzea, ikastolak herrian parte hartzea eta herritar guztiek ikastolarekin bat eginez egun ederra pasatzea da jai honen funtsa, besteak beste".

Egitaraua

• 09:00 Etxafuego jaurtiketa.

• 09:30 Txistulariekin kalejira.

• 10:00 Ferixaren hasiera, baserriko produktu eta elikagaiak, artisautza, tresneria.

• 10:15 23. txorimalo lehiaketa Jose Arana ikastola alboan, erreka ertzean.

• 11:00 Haur eta gazteentzako tailerrak eta puzgarriak ikastolako jolastokian.

• 11:00 XII. gazta dastaketa eta txapelketa Santa Marina plazan.

• 11:30 Kalejira trikitilariekin.

• 12:30 Eskoriatzako dantza taldea, Gorosarri plazan.

• 14:00 Txorimalo lehiaketaren sari banaketa eta errifaren zozketa.

• 15:00 Zuk ekarri zuk jan bazkaria plazan.

• 18:30 VII. txapel jaurtiketa txapelketa.

• 19:30 Larrain dantza.

90 postu, guztira

Ohi bezala hasiko da eguna, etxafuego jaurtiketarekin eta txistularien kalejirarekin, eta, Eskoriatzako talogileek lehenengo talo gozoak prestatzen hasi orduko, bailarako ekoizle eta artisauek zein kanpotik etorritakoek postuak irekiko dituzte, 10:00etan. "Guztira, 90 postu izango dira; horietatik 60 artisauak izango dira. Egurrarekin landutako produktuak ekarriko dituzte, bitxiak, poltsak, arropa, bestelako tresnak… Eta 30 postulari, berriz, baserriko produktu eta elikagaiekin egongo dira; esaterako, eztia, gaztak, barazkiak, ogia, marmeladak… egongo dira. Euskal Herri osotik etorriko dira, eta 90 postulari horietatik 25 inguru eskoriatzarrak izango dira. Oso ondo dago parte-hartze handia izatea, baina pozgarria da halako parte-hartzea izatea eskoriatzarren partetik", adierazi du Jon Kortazarrek, Arizmendi ikastolako irakasleak.

'Zuk ekarri zuk jan' bazkaria

Fernando Eskoriatza plazan egingo da bazkaria, 15:00etan. Hala ere, mahaien eta aulkien kopurua jakiteko, eta dena antolatu ahal izateko eta talde bateko partaideak batera egongo direla laguntzeko ezinbestekoa da formularioa betetzea. Ikasbidaian laguntzeko, Almeneko ikasleen postuan, tortilak eta bizkotxoak izango dira eskuragai.

Lehiaketak, azokaren parte

Azokaz gain, txorimalo lehiaketa ere egingo da, Jose Arana ikastola alboan, nerabe eta gaztetxoagoentzat klasikoa dena. Horrekin batera, haurrentzako tailerrak eta puzgarriak ere izango dira ikastetxeko patioan, eta, azken edizioetan egin duten moduan, oraingoan ere ez du hutsik egingo gazta lehiaketak. Gazta-saltzaile guztiek hartuko dute parte, eta epaimahaiak gazta onena sarituko du. Gainera, epaimahaikideek ez ezik, gazta postuetara bertaratzen diren herritarrek ere gaztak probatzeko aukera izango dute.

Gazta txapelketaz gain, Eskoriatzan berezia den beste lehiaketa bat ere izango da: txapel-jaurtiketa lehiaketa. "Ikusmin handia duen hitzordua izaten da. Bazkalostean izaten da hori, eta Jose Arana kalean, Fernando Eskoriatza plaza aurrean, jendetza batzen da lehiaketa bitxi hau ikusteko eta parte hartzeko", adierazi du Kortazarrek.

Larrain dantza, berritasun

Aurtengo programan bada berezitasunik. Izan ere, Eskoriatzako herritar talde batek sustatuta eta dantza-taldearekin harremanetan jarrita, larrain dantza ikastaroa izan dute interesdunek, hiru astelehenetan jarraian, Joseba Iñurrategi pilotalekuan. Aste honetan azken saioa egin dute, eta gertu daude bertan aritu direnak zapatuan Ferixa Egunean dantzara ateratzeko Fernando Eskoriatza plazara.

Oihane Vicente dantza irakaslearen gidaritzapean aritu diren zenbait partaidek bazekiten dantza aurretik, eta errepaso gisa aritu dira larrain dantza ikastaroan; beste batzuk, aldiz, hutsetik hasi dira, eta, lau saio nahikoa izan ez diren arren dantza bere osotasunean ikasteko, aurrerapausoa eman eta ikasi ahal izan dutena praktikan jarriko dute plaza aurrean, lotsa barik; izan ere, ez da dantza-saio profesionala: herritik sortua herriarentzako eta ondo pasatzeko saioa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak