Dorletako parkea berritzeko proiektua, aukeratzeko prozesuan

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 3a, 15:31

Partaidetza prozesua martxan da Dorletako parkean egin nahi dena zehazteko. Hiru proposamen daude eta nahi duenak bere gustukoena aukeratu dezake. 80.000 euro inguru bideratuko dira lan horietara, eta lanak uda aurretik hastea aurreikusten dute.

Udalbatzak 2022ko Eskoriatzako udal aurrekontua onartu zuenean, Dorleta auzoko haur-parkea berritzeko proiektura 80.000 euro inguru bideratuko zituztela adierazi zuten udal ordezkariek. Hori horrela, hiru proposamen jarri dituzte jendaurrean, eta aukera dago hiru proiektuen arteko bozketa egiteko, udal webgunean dagoen dokumentazioa beteta.

Auzoan galdeketa eginda

Dorletako parkea eraberritzeko asmoarekin, 2021eko uda partean galdeketa egin zitzaien bertako bizilagunei, eta, orduan jasotako erantzunak kontuan hartuta, parkea eraberritzeko hainbat proiektu proposatu ditu Eskoriatzako Udalak. Hiru proposamen aukeratu dituzte, eta hiru horiek, orain, jendaurrean daude, aukeraketa egiteko. "Dorletako parkea berritzeko proiektua agintaldi honetako programan sartu genuen, eta, pandemiagatik urtebete galdu dugun arren, martxan jarri dugu. Helburua da, Partxis plazan egin genuen moduan, herritarrei, bereziki, haurrei, hiru aukera ematea gehien gustatzen zaiena aukeratzeko. Guztira, 80.000 euroko edo 85.000 euroko proiektua izango da, egiten den aukeraketaren arabera. Joan den egubakoitzean argitaratu genituen hiru proposamenak, eta ikusgai daude Dorletako parkean, bibliotekan eta herriko bi ikastetxeetan, paneletan. Ikusiko dugu haurrek zein aukeratzen duten, baina parte hartzeko dei egiten diegu, eta ekarpenak ere ongietorriak izango dira", adierazi du Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Udaleko Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.

Lehenengo proposamena: Ozeanoetako hondakinak

Aukeretako bat Made Green produktuekin osatutakoa da. Produktu horiek kontsumo osteko material birziklatuekin egiten dira, hala nola ozeanoetako hondakinak, erabilitako ehunak, elikagaien ontzien hondakinak, erabilitako plastikozko poltsak, eta abar. Produktu horiek karbono isuriak % 50eraino murrizten dituzte, 2014an fabrikatutako antzeko produktuekin alderatuta. Hala, honako elementu hauek batzen ditu proposamenak: Tex Made posteak, Ocean Green panelak eta Flextop Eco Blended lurzorua.

Dorletako parkea, lehenengo proposamena.

Bigarren proposamena: Aniztasun funtzionala ardatz

Bigarren proposamenari dagokionez, parkea eraberritzeko irtenbide jasangarria eskaintzen da ingurugiro, sozial eta ekonomikoarekin, garapen iraunkorraren helburuekin bat datorrena. Gainera, ahalik eta parke inklusiboena eskaintzen da, aniztasun funtzionala duten erabiltzaileentzako egokitua. Eskaintza hau proposatzen duen enpresa bertakoa da, 1982an aitzindari izan zena haur parkeak zurezkoak egiten; orain, berriro aitzindari da jolas parkeak plastiko birziklatuzkoak fabrikatzen. Eremuak 3.982 metro karratu ditu eta hamalau jolas dibertigarriz osatuta dago. Erabiltzaileen trebeziak lantzeko eta beraien sormena garatzeko jarduera erakargarriak dituzte elementuek. Horietatik zortzik irisgarritasun inklusiboko ezaugarriak dituzte, haur parkea denentzako erabilgarria izateko. Haur parkea zelai eta zuhaitzez inguratuta dagoenez, eremuarekin bat etortzeko kolore apalak erabili dira jolasentzako, marroia eta grisa, eta zorurako, berriz, orbelak udazkenean dituen koloreak aukeratu dira. Gainera, oztoporik gabeko bidexka bat irudikatzen da zoruan, ikusmen eta adimen aniztasun funtzionala duten erabiltzaileentzako.

Dorletako parkea, bigarren proposamena.

Hirugarren proposamena: Sokekin egindako jolasak

Proposatutako haur parke hau, berriz, Txorien Parkea izenez definitzen da. Lorategi edo oihan baten itxura du, berde eta okre tonuko zoladurekin, eta kautxuzko suge baten irudia dago zoruan. Jolasen egiturei, berriz, metalezko posteek eusten diete. Elementu guztiak sokekin eginda daude, eta horien gainean kulunkatu eta eskegi ahal izango dira umeak. Parkean txori habia handiak izango dira, material iraunkorrekin eginak, ez dute mantentze-lanik behar eta TUV ziurtagiria dute. Talde jolasa eta jolas inklusiboa lehenesten duten elementuak dira, adin eta gaitasun guztientzat egokiak.

Dorletako parkea, hirugarren proposamena.

Proposamen bakoitzean proiektatu diren jokoei eta bestelako materialei buruzko fitxa teknikoak udal bibliotekan eta Jose Arana eta Luis Ezeiza ikastetxeetan utzi dituzte ikusgai, informazio zehatzagoa nahi duenarentzat.

 

Bozketa egiteko

Hiru proiektuen arteko bozketa egiteko eta proposamenen gainean bestelako iradokizunak egin ahal izateko martxoaren 4ra bitarteko epea dago, eta horretarako, udal webgunean erantsita dagoen aukeraketa orria bete beharko da. Modu hauetakoren bat erabilita eman ahal izango da bozka: posta elektronikoz obrak@eskoriatza.eus helbidera idatzita edo udal bibliotekan entregatuz. Azken honetan, aukeraketa orriak bertan daudela jakinarazi du Udalak."Partaidetza prozesu hau lehenengo pausoa da. Asmoa da martxoko Hirigintza batzordean aukeratutako proiektua onartzea, eta pleguak ere onartzea. Hel-burua da uda aurretik lanak egitea; gustatuko litzaiguke udarako parke berria izatea", dio Ezkurdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak