Hamar urte kintadak batzen

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ots. 4a, 10:14

2020 urtean, Eskoriatzako bederatzigarren Kinttaden Egunean kintada batek ateratako talde argazkia.

Zapatu honetan, Kinttaden Eguna ospatzen den hamargarren aldia izango da. Urte berean jaiotako zenbait kintada bazkaria egiteko elkartuko dira, eta, gainera, Santa Ageda neska-mutilek dantza egingo dute Gorosarri plazan, 19:00etan.

Urte berean jaiotako eskoriatzarrak elkartu, eguerdi partean poteoa egin, tabernetan edo elkarteetan bazkaldu eta, zenbait kasutan, aspaldi elkar ikusi ez dutenak batzeko eta, bide batez, Santa Ageda egunean dantza egingo duten neska-mutilei herrian giroa pizteko asmoz sortu zen Kinttaden Eguna ospatuko da zapatu honetan. 2003an eta 2004an jaiotako eskoriatzarrek egingo dituzte Santa Ageda eguneko dantzak, baina lokalizazioa ezberdina izango da. Izan ere, Gorosarri plazan egitea erabaki dute, horiek ikustera joan nahi duten herritarren arteko segurtasun distantzia handiagoa izan dadin. Zapatuan egingo dituzte dantzak, 19:00etan.

Urtero egitarau bera izan du jaiegunak, nahiz eta zenbait ediziotan, iluntzean, kintada ezberdinetakoek Fernando Eskoriatza plazan batu eta zenbait dantza egin izan dituzten elkarrekin. Gainera, aurtengoa urteurren borobila izango da; izan ere, hamargarren aldia izango da festa-egun hau ospatzen dena, iaz antolatu ez zela kontuan izanda. Horrekin batera, lehenengo ediziotik kintada bakoitzak bere bereizgarria eraman izan du Kinttaden Egunean: zapia, kamiseta, kapela, betaurrekoak eta gorbata, besteak beste, eta aurten ere hainbatek eramango dute.

Hamargarren edizioa

Lehen edizioan, Eingeinke taldea aritu zen antolakuntza lanetan, edo, hobeto esanda, herritarrak animatzen Kinttaden Eguna ospatzera. Orduan izan zuen arrakastarekin berehala errotu zen, eta urtez urte indartzen joan den hitzordua izan da. Herritarren agendetan gorriz markatutako asteburua izan ohi da otsaileko lehenengo zapatua urte hauetan guztietan. Beraz, aurtengo jaiaren antolakuntzan sustatzaile zehatz bat izan barik, ahoz aho jaieguna ospatuko dela esanez batuko dira zenbait kuadrilla bazkaltzeko eta parranda apur bat egiteko. Hala ere, aurtengo hitzordua berezia izango da, pandemiaren eragina tarteko.

Neurri murriztaileen eragina

Abenduaren 28az geroztik indarrean zeuden neurri murriztaileak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Egoera epidemiologikoa ere kontuan hartu beharra dago, eta baita azken egunotan intzidentzia-tasen lerroek duten norabidea. Tabernen ordutegiak ere mugatuta daude, eta, kasu askotan, gehien eragin dezakeen oztopoa bazkaltzeko gehienez hamar lagun batu daitezkeen neurria da. Hori horrela, zenbait kintadak hitzorduarekin bat ez egitea erabaki dute; beste batzuen kasuan, aldiz, ohi baino talde txikiagoetan batuko dira. Gainera, tabernek 01:00etarako itxi beharko dituzte ateak, eta ordura artekoarekin konformatu beharko dute herritarrek.

Askok, bertan behera

1985ean eta 1986an jaiotakoek, esaterako, ez dute bazkaririk egingo aurten, beste hainbatek moduan. Beste batzuen kasuan, aldiz, aurreko edizioetan baino pertsona gutxiago batuko dira bazkaltzeko, eta, hamar lagunetik gora batzen direnen kasuan, banatuta egingo dituzte bazkariak. Herriko ostalariek, berriz, neurriak zorrotz betetzeko eskaera egingo diete bezeroei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak