Herriko ondarea denboraren poderioz galdu ez dadin, eta hura berreskuratzeko asmoz, zenbait lan egiten aritu dira asteotan Eskoriatzako Alberja-zarraren alboan; hain zuzen ere, Iturrizar izenez ezagunagoa den iturriaren eremuan.
Eskoriatzako Udalak jakinarazi duenez, lanak amaitzear daude, baina ez dira Bidebarrieta inguruan egingo dituzte lan bakarrak izango. Hala adierazi du Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako Udaleko Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak. "Aurtengo aurrekontuetan Bidebarrieta pasealekua txukuntzeko partida bat sartu genuen. Proiektua uztailean garatu eta irail bukaeran adjudikazioa martxan jarri genuen". Orokorrean, bidea sastrakaz garbitu eta, ahal den neurrian, hobetu egin dute, asfaltatu gabe, harritxoekin bidea ondo jarriz: "Ez genuen nahi bere nortasuna galtzea. Hau da, ez genuen nahi beste hiriko bide bat egin, baizik eta naturan paseoak emateko bidea mantentzea". Horrez gain, Santa Anatik gora egiten duen aldapan –Bidebarrieta bidea– hesi bat jarriko dute eta bidean zehar ere hainbat banku jarriko dituzte. "Azkenean, Alberjazarraen ondoan dagoen iturria garbitu eta txukundu egin dugu, eta berriro operatibo jarri, ez baitzuen urik. Ibilbideko beste aldean, Antontxuko eremua ere garbitu dugu, eta beste iturri bat martxan jarri. Guztira, 18.800 euro inguru gastatu ditugu, eta lanak Eskoriatzako Ferreira enpresa egiten ari da".
'Trankil'-en oharretan jasota
Eskoriatzako ohar monografikoetan, Joxe Aranburuzabala Trankil-ek Iturrizar iturriaren gainean esandakoak jasota geratu ziren: "Iturrizar iturria 1712. urtekoa da, eta Ormazartik zetorkion ur minerala. Iturriaren oinean dagoen harri handia Zaraiatik ekarri zuten eta garraiatu zuen gizonari hamar erreal ordaindu zioten. Bi ur mota nahasten ziren bertan, eta 1789an arazoari irtenbide zuzena ematea erabaki zuten. Eskoriatzakoa zen Juan de Zubia maisuari eman zioten lanen ardura, baina 1803an arazo berbera sortu zen. 1789. urtean, Alberjazarreko garbitegia egi-teko erabakia hartu zen, eta, akordioen artean, oraingo parrokiaren planoetan zeuden sarrerako zazpi arkuetatik hartuta, Iturrizarren gaur egun dagoen harrizko arkua jartzea ere erabaki zuten". Trankil-en idatzietan jasotzen denez, "1779an Iturrizar gainean bolatokia zegoen", datu bitxi moduan.
Iturriak mantentzea
Iturrizarko iturriaz gain, herrian iturri ederrak daudela gainera-tu du Saioa Altzua, Ibarraundi museoko langileak, eta horiek mantentzea ere ezinbestekoa dela azpimarratu: "Gomitxitxurri dugu, Atxorrotxerako bidean; Antontxu bidekoa, laster konponduko dutena; Uretzeko iturria... Ura bizitza da eta ura mantentzea garrantzitsua da".