Kalabaza hustuketa tailerrean fin aritu ziren haurrak, eta, kontuz egin beharreko eskulana dela adierazi zuten hainbatek. Horrekin batera, aurrera begira izango dituzten ekintza batzuk ere aipatu zituzten.
Bailarako hitzordu nagusiak
Bailaran, gainontzeko herrietan ere urriaren 31a aurretik eta egunean bertan ere izango dituzte ekintzak. Arrasaten, esaterako, egubakoitzean, Arimen Biltzarra izango da. Biteritik hasita herriko plazara arte Ilargitxorekin batera kalejira! egingo dute, eta mozorrotuta joateko eskaera egin dute.
Aramaion ere, egubakoitzean, mozorro tailerra, kaleak apaintzea, ipuin kontaketa eta dantzak izango dituzte. Antzuolan , aldiz, astelehenean, Lur Korta ipuin kontalariak Gau Beltzean girotutako ipuinak kontatuko ditu Torresoroa aretoan.
Aretxabaletan, eguenean eta egubakoitzean scape room-a izango dute gaztetxoek eta urriaren 31n kalabaza lehiaketa izango da Durana kalean.
Elgetan ere, egubakoitzean izango dute ospakizun eguna; Karlista galduaren altxorraren bila izenburupean, sustoak, berpiztutako hildakoak eta beste izango dira.
Bergaran, berriz, "ahalegin berezia" egin dute aurten Gau Beltza indartzeko. Jardun izan da antolatzaile nagusia, Udalaren laguntzarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean. Gau Beltza zer den, nondik datorren eta haren balioak lantzeko Bautista Legenardunaren bisita gidatua, Gau beltzeko kalejira, tailerrak, eta beste hainbat hitzordu izango dira egunotan.