Mari Jose Lozano: "Konturatzeke, haginka egin zidan txakurrak"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko uzt. 16a, 10:17

Mari Jose Lozano Eskoriatzako postaria Correoseko sarreran.

Txakur batek eraso egin zion San Juan bezperan, baserri batean pakete bat entregatzen ari zela. Errekuperazio prozesuan dago eta herritarren babesa eskertu du.

Mari Jose Lozano 2007a ezkero ari da lanean Eskoriatzan eta Gatzagan, postari. Txakurrak maite dituen arren, ezbehar larria sufritu zuen San Juan bezpera egunean, banaketa bat egiten ari zela. Bolibar elizateko baserri batera pakete bat entregatzera joan zenean, txakur batek eraso egin zion, eta zauri larriak utzi zizkion aurpegian. Errekuperatzen ari den arren, ez daki ondoriorik utziko dion gertatutakoak.

Zer gertatu zitzaizun?

Etxebizitzako sarrerak atari bat du, ilun samarra, eta ez du tinbrerik. Beraz, ateraino joan behar da, eta eskuaz jo atea. Txakurraren katea solte zegoen, eta zaunkarik ere ez zen entzuten, eta pentsatu nuen jabearekin joan zela txakurra. Atea jo bezain pronto, gainean neukan txakurra, konturatu orduko. Muturrean kolpe bat eman nion gainetik kentzeko, eta orduan askatu ninduen, eta eskerrak; bestela, masailezur guztia arrankatuko zidan. Bitxiena da erasoa jaso baino hamar egun lehenago baserriko jabeek ate horretara deitzeko esan zidatela. Normalean, tinbrea duen baserriko albo bateko sarreran egiten nituen entregak.

Zer egin zenuen txakurraren erasoa jaso ostean?

Aurpegia odolez, txakurra kontrolatzen saiatu nintzen, distantzia mantenduz, eta baserriko atea kolpatzen jarraitu nuen. Atea ireki zidaten, eta komunera joan nintzen aurpegia garbitzera, aurpegian papera jarrita, baina odol jarioa itzela zen, eta ikusten nuen hozkadak oso handiak zirela. Autoan sartu, eta Eskoriatzako Osasun Etxera joan nintzen, baina, aurpegi guztia zarrastatuta neukanez, Donostiako Ospitalera eraman ninduten anbulantzian, kirurgia plastiko departamentura.

"MUTURREAN KOLPE BAT EMAN NION GAINETIK KENTZEKO, ETA ORDUAN ASKATU NINDUEN"

Inguretako baserrietako txakurrak ondo ezagutzen dituzu. Nolako txakurra da eraso egin zizuna?

Braco alemaniar motako txakurra zela uste nuen, ezaugarri guztiak batzen dituelako, baina nahasketa bat dela esan didate. Ehiza-txakur bat da, basurde bat aise harrapa dezakeen horietakoa. Gainera salto egin zuenean, eskerrak izan nuen erreakzioa egokia izan zela; bestela, han bertan akabatuko ninduen. Niri txakurrak asko gustatzen zaizkit, baina txakur hau zehazki oso oldarkorra da. Errespetuz jokatu behar da haiekin, auskalo nola erreakzionatu dezaketen.

Babestuta sentitu zara behin gertaera pasa ostean?

Laneko baja bat da, lanorduetan gertatutako ezbeharra izan delako. Beraz, salaketa jarrita dago Ertzaintzan, baina asegurukoek lehenbailehen jarri nahi naute lanean, horren gogoz daudela ematen du. Rajoiren erreforma laborala dela-eta, medikuek ez naute aztertzen, Mutuakoek bakarrik artatzen naute, eta ez zaie ezer axola. Estetikoki, aurpegia markatuta geratuko zait, baina, gainera, arazo fisikoak ere izan ditzaket, barruko zauriak ondo sendatu barik ditudalako eta, gaur-gaurkoz, ez dudalako eskuin masaila sentitzen. Baserriko jabeak momentuan ez ziren jabetu erasoaren larritasunaz; adineko pertsonak dira, baina esan beharra da hauek ez direla txakurraren jabeak. Hauena ez dakit ezer; ez dira kezkatu nire egoeraz. Alderantziz gertatuko balitz, hurrengo egunean bertan agertuko nintzen pertsonaren ate aurrera, bere egoera galdetzera.

Mari Jose Lozano Eskoriatzako postaria bere txakurrarekin.

Errekuperatzen ari zara, baina izan ditzakezu ondorioak?

Kapaka dut josita aurpegia. Ahoaren eskuinaldeko sentsibilitatea errekuperatu beharra dut, horrek arduratzen nau. Puntuak ondo sikatu behar dira, eta oraindik ez dakit nolako ondorioak izan ditzakedan. Masail bat ez dut sentitzen, eta ikusten ez diren zauri horiek ondo sendatzea garrantzitsua izango da. Alde batetik bestera ari naiz, mediku batengana, beste batengana… Paziente moduan, edo pertsona bezala, norberaren egoera ez zaie axola asegurukoei. Ebakuntzaren ostean, baja hartzera joan nintzenean, argazkiak nituela ere esan nion, baina ikusi ere ez zuen nahi izan. Informearekin nahikoa zuela esan zidan.

Txakurrarekin zer gertatuko da?

Ertzainei galdetu nien, eta txakurra hamabost egunez obserbazioan egongo zela esan zidaten, eta hiru egunetan eramango dutela albaitariarengana. Egun horietan oldarkor badago, sakrifikatu egin dezakete, baina ez dut uste izango denik kasua. Ez dut ondo ulertzen hala hartzea erabakia. Ez nago txakurra hiltzearen alde, baina txakur honek, zehazki, laguntza handia behar du. Ohiko ingurunetik atera behar da, eta ondo irakatsi. Txakur-jabeek halako beste txakur bat ere izan zuten, eta, arazoak izan zituztenez, bat kendu zuten, eta honako hau utzi. Txakurra ezagutzen nuen, eta sekula ez zitzaidan burutik ere pasako beregana hurbiltzea.

Zer esango zenioke halako egoera bat sufritu duenari?

Jendea kontzientziatu beharra dago. Txakur handiei errespetua izan behar zaie, baita txikiei ere. Txakur bat ez da robot bat, baina ondo heztea ezinbestekoa da. Nik ere txakurra dut, eta ezingo nuke gaur egun txakur barik bizi, baina kontuz aritu behar da. Horrekin batera, babesa adierazi didaten herritar guztiei bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet.

Zauri larriak, kanpotik eta barrutik

Begi bistakoa da txakurrak zauri larriak egin zizkiola. Ebakuntzaren aurretik, honako hau zen Mari Jose Lozanoren aurpegia. Puntuak barrutik Josi zizkioten puntu guztiak sendatzen ari zaizkio, baina barrutik ere baditu mordoa, eta, gauzak ondo bidean, ez diote berriz zabaldu beharko masaila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak