Malen Gurrutxaga: "Txakur orekatu batek ez dio pertsona bati eraso egiten"

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 26a, 08:56

Malen Gurrutxaga, Bergaran.

Azken urteetan albaitari lanetan ari den arren, txakur hezitzaile titulua du bergararrak eta ANPECEC elkarteko kide ere bada. Eskoriatzako kasua "oso gogorra" dela uste du eta horrelako jarrerak, normalean, "estresaren ondorio" izaten direla gaineratu du, nahiz eta beste hainbat faktore ere aintzat hartu behar direla uste duen.

Eskoriatzako postariaren kasua ezagun egin da. Zer uste duzu?

Irakurri dut elkarrizketa eta oso gogorra iruditzen zait. Noizean behin gertatzen dira halakoak, batez ere baserrietako txakurrak, normalean katearekin lotuta egoten direnak, katerik gabe daudenean.

Zergatik izan daiteke erasoa?

Halako jarrerak, normalean, estresaren ondorio izaten dira. Baina gauza asko eduki behar dira kontuan. Txakur horren bizimodua nolakoa den, txikitatik nola bizi izan den eta ze arazo dituen. Izan ere, horrelako gauza bat egiten duen txakur batek arazo bat edo gehiago ditu. Txakur orekatu batek ez dio pertsona bati eraso egiten. Jarrera arazoak hasi daitezke bere ama haurdun geratzen den unean. Ama oso urduria bada edo estresatuta badago, txakurra segurtasun-gabezia batekin jaio daiteke, edo estres maila altuarekin. Gero, bizitzako hasierako urteetan ez baditu bere beharrak asetzen, arazoak etor daitezke. Gestionatzen jakin behar da hori, informatu eta ondo hezi.

Txakur bat ondo hezteko gakoa zein da?

Hezkuntza tradizionalak egin izan duena da adabaki bat jarri gustatzen ez zaigun jokaerei. Baina ez du kontuan hartzen txakurrak zergatik daukan jarrera hori, eta zergati hori ez baduzu ondo lantzen, zu ez zaudenean jarrera larria eduki dezake. Beraz, txakurraren inguruko eta hezkuntzari buruzko informazioa oso garrantzitsuak dira, eta pazientzia eta errespetua, ezinbestekoak.

Katea bai edo ez?

Kateak segurtasun-gabezia handia sortzen du, txakurra ezin baita defendatu, lotuta dagoelako. Nire ustez, kateak debekatuta egon beharko lirateke. Txakurra aske egon beharko litzateke baserrian eta arazoren bat baldin badauka, leku batean hesituta, baina katerik ez.

Malen Gurrutxaga, bere txakurrarekin.

Eskoriatzakoaren moduko kasu baten ostean, zer egin beharko litzateke txakurrarekin?

Hor burokrazia sartzen da. Baina halakoetan, normalean, zauritutako pertsona ospitalera joaten da eta ospitaleak parte bat ematen du. Parte bat ematen den momentutik salaketa bat dago eta, gutxienez, koarentenara bidaltzen da txakurra; hau da, albaitaritza kontrolak egin behar zaizkio, bereziki, amorrua ez daukala ziurtatzeko, eta ondoren, txosten bat egin. Erasoa oso bortitza baldin bada, kasu honetan moduan, zuzenean Diputaziora bideratzen dute eta hango albaitari batek baloratzen du txakurra. Eraso gogorra denean, arriskutsua izan daitekeen txakurtzat har dezakete. Hala bada, bi urtez heziketa klaseak jasotzen ditu, une oro lotuta eta mozalarekin. Ondoren, berriz baloratzen dute arazoa gainditu duen ala ez. Muturreko kasuetan, txakurra hil dezakete.

Txakur ezezagun bat solte badago, nola jokatu behar dugu?

Mugimendu askorik eta zaratarik ez egitea funtsezkoa da. Ez egin korrika, txakur asko mugimenduarekin aktibatzen dira eta. Bestalde, inportantea da ez ukitzea, dugun ohitura txar bat baita hori. Seguruenik, zein zaren aztertzera etorriko zaizu, baina txakur askori ez zaie gustatzen ezezagun batek haiek ukitzea.

ANPECEC elkartea zer da?

Txakurren hezitzaileen elkartea da, baina errespetuarekin heztea helburu duena, orain arte egin ez den modura. Nik bere garaian hezitzaile titulua atera nuen, baina irakatsi zidatenaren ia ezerekin ez nator bat.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak