'San Juanak Eskoriatzan' dokumentala aurkeztu dute

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 24a, 14:50

Atzo aurkeztu zuten Zaldibar antzokian San Juanak Eskoriatzan dokumentala. Zazpi herritarren testigantzak jasotzen ditu, eta ura, sua eta landareak oinarrian dituen eta udako solstizioari ongietorria ematen dion jai honek eskoriatzarren tradizioan izan duen lekua jasotzen du.

Badiardugu elkartekoak aritu dira lana egiten, eta Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarearen gaineko webgunean artxibatu dute elkarrizketa-sorta, hurrengo belaunaldiek, Eskoriatzako sanjoanetako ohiturak jakin ditzaten.

Herriko ondarea jasota

Haizea Odria, Badihardugu elkarteko kidea aritu da grabaketa lanak egiten, eta, "zoragarri" aritu dela adierazi du: "Denek ateko etxeak ireki didate parez-pare, merendatzen ere eman didate, eta denak oso prest gauzak kontatzeko gogoz. Elizate batetik bestera, eta etxez-etxe ezberdintasunak daudela ohartu gara grabaketetan. Esaterako, lore-sorta bedeinkatzera eramaten zuten batzuk, beste batzuk ez…".

Mari Carmen Arrieta Eskoriatzako Udaleko Euskara Teknikaria aurkezle moduan, eta, Haizea Odria, Badihardugu elkarteko kidea.

Antzokia beteta izan zen, eta herritarrei gustatutako lana izateaz batera, Eskoriatzako Udaletik ere gustura geratu dira emaitzarekin. Hala adierazi zuen Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak: "Garrantzitsuena, garai bateko ohiturak batzea da, eta eskertzeko da kontatzeko prest egon diren horien lana, zein grabatzen aritu direnena".

Zazpi herritarren testigantzak

Lekukotasuna eman duten herritarrak Guadalupe Atxaga, Jose Ramon Okaranza, Iñaki Madinabeitia, Juan Felix Iregi, Aintzane Ortiz de Zarate, Jon Apraiz eta Saioa Uribe izan dira, eta atzoko ekitaldia guzti horiei eskerrak emateko ere baliatu zen.

Testigantzak eman zituztenak pozik agertu ziren lanean parte hartzeko izan duten aukerarengatik, eta beraiek dokumentalean adierazi zituzten ohiturez gain, ezagutzen ez zituztenen hainbaten berri izateko ere aukera izan dutela adierazi zuten.

Dokumentalaren kopia bana jaso zuten testigantzak egin zituzten herritarrek.

Ekitaldia amaitzeko, testigantzak eskaini zituzten herritarrak oholtzara igo zituzten, eskertza moduan, txalo beroa jasotzeko, eta dokumentalaren kopia bana ere jaso zuten ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak