Zapatuan 19:00etan izango da estreinaldia, Zaldibar antzokian, eta dozena erdi sarrera geratzen dira lehen saiorako. Domekako saiorako, berriz, sarrera guztiak agortuta daude, eta ekainaren 5eko hitzordurako ere dezente saldu direla adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak: "Zaldibar antzokiko edukiera 60 lagunekoa da gaur egun, eta domekarako sarrera guztiak salduta daude. Zapatuko ikuskizunerako sei sarrera geratzen dira, eta horiek eta ekainaren 5erakoak ere salduko direlakoan gaude. Beraz, Eskoriatzako antzerki taldearen ikuskizuna ikusi gura dutenek Manuel Muñoz kiroldegian erosi ditzakete sarrerak, bost eurotan. Anima daitezela herritarrak, sarrera guztiak agortu aurretik".
Aire zabaleko emanaldien alde
Zaldibar antzokian zenbait kultura ekitaldi egin badira ere, datorren asteburuko hitzorduak, behintzat, aire zabalean egitearen aldeko apustua egin dute; eguraldia lagun izaten badute, behintzat. Hain zuzen ere, Zapla bertso saioa eta Ibil Bedi taldearen kontzertua izango dira Ibarraundi museo kanpoaldean. Zapla bertso saioa hilaren 29an, 18:00etan; bestetik, Ibil Bedi taldearen kontzertua, 30ean, 19:00etan.
Ingurune atsegina izateaz batera, museo kanpoaldeko ekintzetan 100 pertsona batu ahal izango dira, eta, bi hitzordu horiek doan izango diren arren, gonbidapenak eskatu beharko dira. Eguraldi txarra egiten badu, Zaldibar antzokian izango dira bertso-saioa eta kontzertua.