Bertsolari gazteen 'Zapla' zirkuituko lehenengo plaza Eskoriatza izango da

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 20a, 09:50

Eskoriatzako saioan izango diren bertsolariak.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Zapla bertsolari gazteen zirkuitua antolatu du bederatzi bertsolari gazterekin eta hauen bertso eskolekin elkarlanean. Ekimenaren helburu nagusia bertsolari gazteen plazaratzea izango da, eta sei saio izango dira guztira, lehenengoa, Eskoriatzan. Maiatzaren 29an, 18:00etan izango da bertso-saioa, Ibarraundi museo kanpoaldean.

Behin Eskolarteko Txapelketa bukatuta, plazaz-plazako jardunera iritsi arteko etapan dauden bertsolari gazteek, sarri norbere bertso eskolak antolatutako saioetan kantatzeko aukera izaten dute, baina hortik kanpoko zirkuituan sartzea kosta egiten da. Plazaratze prozesu horretan dauden bederatzi gaztek hainbat bertsolarirekin trukatutako esperientzietatik sortu da Zapla, eta asmoa gazteek plazan dabiltzan bertsolariekin kantatzeko aukera izatea da.

Formatu ezberdinetako saioak

Guztira hiru formatu desberdinetako sei saio antolatu dira Eskoriatzan, Azkoitian, Hernanin, Zarautzen, Legazpin eta Beasainen, tokian tokiko bertso eskolekin elkarlanean. Zirkuituari Eskoriatzan emango zaio hasiera maiatzaren 29an, eta aire librean izango da; hain zuzen ere, Ibarraundi museo kanpoaldean. 18:00etan, eta honako bertsolariak batuko dira bertan: Maddi Aiestaran, Julene Iturbe, Asier Ibarguren eta Onintza Enbeita.
Eguraldi txarra egingo balu Zaldibar antzokian izango da saioa.

Gonbidapenak eskatzeko

Saioa doan izango da, baina bertso-saioaz gozatu nahi duenak gonbidapenak eskatu beharko ditu. Horretarako: bertsozale.eus webgunearen bitartez, edo Eskoriatzako kultura etxera deituta egin ahalko da, 943 71 46 88 telefono zenbakira.

Zapla bertsolari gazteen zirkuituko kartela.

Egutegia, plazak eta bertsolariak

Eskoriatzako saioaren ostean, honakoa izango da Zapla bertsolari gazteen zirkuituko egutegia, eta azpimarratzekoa da, Eskoriatzako ordezkaritza izango dela Azkoitiako saioan, eta Hernanikoan, Aranatarrek parte hartuko baitute.

AZKOITIA: ekainaren 6an, 18:00etan, Abaraxkako aretoan bertso saioa. Iker Ormazabal, Oihana Arana, Uxue Alkorta eta Miren Amuriza

HERNANI: ekainaren 12an, 19:00etan, Milagrosan bertso saioa. Haizea Arana, Ane Beloki, Aner Euzkitze eta Sustrai Colina.

ZARAUTZ: ekainaren 18an, 18:30ean, Torreoian bertso saio musikatua. Asier Ibarguren, Ane Beloki, Oihana Arana eta Beñat Gaztelumendi.

LEGAZPI: ekainaren 25ean, 19:00etan, Agirre-Etxeberri parkean bertso saio musikatua. Aner Euzkitze, Maddi Aiestaran, Julene Iturbe eta Ane Labaka.

BEASAIN: uztailaren 2an, 19:00etan, Igartza jauregian bertso trama. Uxue Alkorta, Haizea Arana, Iker Ormazabal eta Nerea Elustondo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak