Elena Herrera mexikarra duela bost hilabete eta erdi iritsi zen Eskoriatzara, eta Auzoko Eskoriatza taldean ari da ordutik hona, euskara ikasten eta herrira integratzeko lanetan. Ez zaio zaila egin, saltsa guztietarako prestutasuna baitu, eta horren adibide garbia da Auzoko Eskoriatzak egiten dituen azken saioetan Eskoriatza Bizirik Feminismo taldeko kideek ere parte hartu dutela, eta Herrera, saioetatik haratago, bestelako ekintzetan ere aritu da.
Eskoriatzara iritsi berri, nolakoa izan da harrera?
Eskoriatzara iritsi eta bi hilabetera hasi nintzen Auzoko Eskoriatza taldean. Euskara ikasteaz gain, integratzeko modu aparta da, eta norberaren esfortzua ikusten dutenean are eta gehiago gerturatzen dira. Horrekin batera, beste hainbat ekintzatan parte hartu dugunez, agurtu egiten naute kalean.
Azken saioetan, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik Taldekoen bisita izan duzue. Zertara joan zaizkizue?
Gu ezagutzera etorri ziren, eta, bide batez, Martxoaren 8aren baitan, beraien proiektuaren berri eman ziguten. Kanpotik etorritako guztiok gonbidatu eta animatu gintuzten ekintzetan parte hartzera, eta niri interesa piztu zitzaidan. Hala, Auzoko Eskoriatza taldeko saioez gain, zer egiten duten galdetu eta beraiekin integratzen saiatu naiz, edozein kontutan nire aletxoa jartzeko prestutasuna agertuta.
Saioetan egin dituzuen lanketekin batera, hartu duzu parte beste ekintzaren batean?
Bai; otsailaren 20an, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxarako oihalak egin genituen, eta, Auzokoren saioetan elkartzen garenoz gain, herrira integratzeko bide eman dit. Arratsaldean izan zen ekintza nagusia, baina goizetik aritu nintzen beraiekin parte hartzen. Horrekin batera, Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera ere joan gara Auzoko Eskoriatza taldekoak. Iratxe Arrese dinamizatzaileari eskerrak eman beharrean nago, gure integraziorako lan handia egiten baitu. Unibertsitatean, esaterako, gure hizkuntzen gainean egin genien berba ikasleei, eta zenbaitek agurtu egin naute kalean, nahiz eta nik ez jakin nortzuk ziren…
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, astelehenean izango da. Lehenengo lerroan egongo zara?
Bai, noski. Mexikon nengoela hartu nuen parte zenbait manifestaziotan, eta #niunamenos traola erabiliz aktiboa izan naiz sare sozialetan berdintasuna aldarrikatzen. Neure burua ez dut aktibista sutsu bezala sentitzen, baina Eskoriatzan Feminismoa Bizirik Taldekoek astelehenean parte hartzeko eskatu didate, eta gogoz nago horretarako. Gainera, Mexikoko egoeraz ere hitz egin diet, berdintasunaz hitz egin dugu, egitasmoan interesatuta nago… Horrenbestez, bertan izango naiz, banderatxoa goian jarrita.