Buruari eraginez, memoria trebatzen

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 5a, 10:28

Olazar Erretiratuen Elkarteko zenbait kidek memoria lantegia izan zuten eguaztenean, Sara Alava gizarte-hezitzailearen eskutik. Urtebete egon dira Olazarkoak ekintza barik, eta aste honetan egindakoarekin "oso pozik" agertu dira bertaratutakoak.

Memoria lantegia izan zuten eguaztenean Eskoriatzako Olazar Erretiratuen Elkarteko kideek, Sara Alava gizarte-hezitzailearen eskutik. Urtebetez inongo ekintzarik antolatu gabe egon dira erretiratuak, eta gogoz zeuden ekintzaren bat noiz antolatuko, eta parte hartzeko. Hori horrela, edukiera neurriak kontuan izanda, eta plaza kopuru mugatua ezarrita, ikasturte osoa iraungo duen memoria lantegiarekin hasi berri dira, kultura etxean.

Burua ondo mantentzeko

Kontxi Oyanguren. Erretiratua

Kontxi Oyanguren urtero animatzen da memoria lantegian parte hartzera, eta aurten ere ez du hutsik egin. Lehenengo saioa eginda, "pozik" agertu da: "Oso gustura etortzen gara, eta esan dezakegu erronka bat jartzen diogula geure buruari, zenbakiak, hitzak… ez galtzeko. Gainera, giro oso ona egoten da eta horrek lagundu egiten du".

Espezializatutako zerbitzua

Pertsona nagusientzat estimulazio kognitiboan espezializatutako zerbitzua eskaintzen du Sara Alavak. Helduaroan zehar pertsonek burua modu aktiboan eta osasungarrian manten dezaten egiten du lan, eta prebentziozko metodologia lantzen arituko da ikasturte honetan Eskoriatzan. Eguaztenean, lehenengo saioa izan zen, eta, bertaratu ziren herritarrei zenbait azalpen emateaz batera, ariketak ere jarri zizkien, jende nagusiarentzat espresuki prestatutakoak, alegia.

Buruari eragitearen garrantzia

Garrantzitsua da adineko pertsonek memoria lantzea, izaten diren aldaketak nabarmenagoak direlako, Sara Alava gizartehezitzailearen esanetan: "Adin hauetan, fisikoki zenbait gauza egitea gehiago kostatzen zaigu, edo denbora gehiago behar dugu gauzak egiteko. Arlo kognitiboan, berdina gertatzen da. Nahiz eta osasun arazorik ez izan, gehiago kostatzen zaigu hitzak gogoaraztea… Orduan, lantzen badugu, azkarrago aritzen gara, hobeto funtzionatzen dugu; gakoa buruari eragitea da".

Konfinamenduak ere memoria arazo gehiago sortu dituela azpimarratu gura izan du Alavak; gaineratu du oraingoz saio bakarra egin arren, parte hartuko dutenek nabarituko dutela ikasturte osoan zehar egingo duten lanketa: "Eskoriatzan, eguaztenean hasi ginen, baina, beste herri batzuetan ari gara saioekin, eta sarri egin dugu berba bizi dugun egoerak guztioi eragin digula. Denok igartzen dugu aldaketa, gure ohiturak aldatu egin dira, harremanak gutxitu, jende berarekin egoten gara, aktibitateak gutxitu egin dira… Denak eragiten du. Orokorrean, jendeak dio norbere burua moteldu egin dela, eta, horri buelta ematen saiatu behar dugu".

Arrakasta duen saioa

Jende nagusiarentzat prestatuta dagoen materiala eramaten dute memoria lantegiko saioetara, eta, ariketak egiten gustura aritzeaz batera, klaseetan izaten den giroa ezin hobea dela adierazi du. "Harrera ona izaten du memoria lantegiak, edo hori adierazten digute, behintzat, bertara datozenek. Ea zer moduz doan ikasturtea…", esan du Alavak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak