Aitor Oyon eskoriatzarra bere txakurrak ez ezik, arazoak dituzten inguruko beste hainbat txakur hezten aritzen da, haien jabeei ere lan horretarako argibideak emanda. Mimatuak dauden txakurrei, kasurik egiten ez dutenei edo bestelako arazoak dituztenei… laguntzen die Zarimutzen txakurrekin ariketak egiteko, animaliekin aisia eta heziketa lantzeko atonduta duen eremuan.
Zenbat denbora daramazu txakur-hezitzaile?
Betidanik izan ditut txakurrak, beti gustatu izan zaizkit, baina ofizialki txakur-hezitzaile urte erdi daramat, Eskoriatzako Zarimutz elizatean txakurrekin aritzeko atonduta dudan eremuan. Txakurren heziketarako kultura falta da; horiek ikasten aritu naiz, eta orain, praktikan jartzen dut ikasitakoa.
Zein arazorekin etortzen dira jabeak txakurrekin?
Mota askotako arazoak izaten dira, baina ohikoenak dira txakurrak sokatik tiraka egiten duela, kasurik egiten ez diela… Horrekin batera, zenbait agindu irakatsi gura izaten dizkiete txakur-jabeek txakurrei: jartzeko, etzateko… Garrantzitsuena sozializazioa da; kalean edozein lekutan aritzeko eta txakurra alboan txintxo joateko, jendearen albotik pasa eta norbaitekin elkartuz gero, txakurrak zintzo obeditzeko. Ardiekin aritzen direnak ere etortzen zaizkit… Helburua kasu egitea da, eta, horretarako, jokamoldeak moldatzen eta zuzentzen aritzen naiz.
Zarimutzen zirkuitua ere baduzu.
Txakur ezberdinak batzen ditut hemen; hala, euren artean aritzen dira, beste txakur-jabeekin… Horrenbestez, jende ezberdinarekin egoten ere ikasten dute. Zirkuitua eginaz, zenbait trebetasun ikasten dituzte.
Zenbat txakurrekin ari zara lanean?
Batzuei irakastea beste batzuei baino zailagoa izango da, ezta? Orain arte, hogei txakur ingururi ibili natzaie irakasten, gutxi gorabehera. Eta egia da: normalean, txakurrari gaztegaztetatik irakasten bazaio, errazagoa izaten da. Izan ere, ohiturak hartzen dituzte zaharragoak direnean, pertsonen moduan, eta horiek aldatzea pixka bat gehiago kostatzen da. Esaterako, une honetan, 9 urte dituen txakur batekin ari naiz, eta, lanketa gehiago egin beharra izan arren, ari da ikasten. Teknika batzuen bitartez ezaba daitezke portaera desegoki gehienak.
Ohiko aginduak ikasi ostean, zer?
Hasieran, txakurrari lotuta dagoela irakasten diot. Gero, saio aurreratuagoekin hasten gara, txakurra suelto dagoela; egoera ezberdinetan jarrita kasu egitea, eta gero, txakurrak estresa kentzeko jokoak ere egiten ditugu: elementuren bat gorde eta bilatzea, zirkuitua egitea, haginkariarekin ere aritzen gara…
Txakurrekiko beldurra dutenen aurrean, ondo hezia dagoen txakur bat izanez gero beldurra txikitu egiten da?
Noski; txakur-jabeok mota guztietako egoerak jasan ditugu. Bi txakur borrokan hastea, pertsona batek beldurra izatea… Baina, halako egoeretan, txakurra ondo irakatsita badago, egoerari samurrago egin diezaiokezu aurre. Aurretik lanketa egiten bada, ez du zertan gertatu.
Norbaitek txakurrarekin arazorik badu, edo zenbait agindu irakatsi gura badio, zer egin behar du zurekin kontaktatzeko?
Normalean, egun bakarrean edo bi egunetan dominatu daiteke txakurra ohiko aginduak ikasi ditzan, baina hogei orduko saioak eskaintzen ditut. Facebooken dut ADIKIDE izeneko orrialde bat, eta bertatik nirekin jarri daiteke harremanetan nahi duena.