Iratxe Arrillaga: "Txertoa hartuta, hasieran genuen presioa jaitsi egin da"

Maialen Santos 2021ko urt. 29a, 15:15

Iratxe Arrillaga, Eskoriatzako Jose Arana egoitzako psikologoa

Bergarako Mizpirualde adinekoen egoitzan atzo, eguena, hartu zuten koronabirusaren aurkako txertoaren bigarren dosia. Oñatiko San Martinen eta Aretxabaletako GSRn joan den astean hasi ziren lehen dosiak jartzen. Hori horrela, oraindik itxaron egin beharko dute bigarren dosia hartzeko. Arrasateko Iturbide egoitzan eta Eskoriatzako Jose Aranan, aldiz, dagoeneko hartu dituzte bi dosiak.

Eskoriatzako Jose Arana adinekoen egoitza izan zen Debagoienean txertoa hartzen lehena. Dagoeneko bi dosiak hartu dituzte bertan bizi diren egoiliarrek eta langileek; tartean, Iratxe Arrillaga egoitzako psikologoak.

Noiz hartu duzue txertoa?

Abenduaren 31n hartu genuen lehen dosia langileetako batzuek eta baita egoitzako egoiliar guztiek ere: 26k. Bigarren dosia urtarrilaren 21ean hartu genuen.

Nola hartu duzu?

Egia esan, gogo handiz hartu dut txertoa. Alde batetik, birusak kutsatuz gero sintomarik izan ez dezadan erabaki dut hartzea. Eta, bestetik, ospitaleetako egoera ikusita ez nuke gura oherik okupatu; are gutxiago, ZIUetakoak. Beharrezkoa iruditu zait txertoa hartzea.

Beldur punturik sumatu duzu?

Ez, uste dudalako egin beharrekoa egin dudala. Egoiliarrek urtebete daramate egoitzatik irten gabe, eta langileak gara kanpotik gatozenak eta, horrenbestez, gaixotasuna egoitzara sartu genezakeenak. Lanera etortzeko presio hori izatea nahiko gogorra da, eta, alde horretatik, lasaiago nago orain.

Albo-efekturik eragin dizu?

Ez dut albo-efektu gogorrik sumatu: ez dut izan sukarrik ez eta eztulik edo buruko minik ere. Hala ere, esan behar dut lehen dosia hartu eta hurrengo egunean besoko mina igarri nuela, soilik egun bat iraun bazuen ere. Bigarren dosiarekin, aldiz, ez dut hainbesteko minik izan besoan.

Zein harrera egin diote txertoari egoiliarrek?

Oso pozik eta ilusioz. Gogotsu hartu dute. Eurak dira pandemia gehien sufritzen ari direnak; ezin dira egoitzatik irten eta bisitak oso mugatuta dituzte.

Albo-efekturik eragin die?

Nik bezala, besoko mina izan dute batzuek. Baina, bestelakoan, ezer ez.

Zer ekarri du txertoak Jose Aranara?

Lasaitasuna. Neurriak hartzen jarraitu behar dugu, baina askoz ere lasaiago gaude, hasierako presioa nabarmen jaitsi dela igarri dut. Are gehiago, bigarren dosia hartu genuenetik astebete pasa da eta horrek esan gura du, ziur aski, immuneak garela jada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak