5,5 milioi euroko aurrekontua onartu du Eskoriatzako udalbatzak

Imanol Beloki 2021ko urt. 29a, 14:13

Inbertsioak egiteko 425.000 euroko mailegua eskatuta, 554.833 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Horrekin batera, Goiena Komunikazio Taldeari egindako %20ko murrizketa ere izan du hizpide udalbatzak 2021eko aurrekontua onartzean.

Eskoriatzako udalbatzak 2021era-ko aurrekontua onartu zuen martitzenean egindako osoko bilkuran. Azken agintaldietan urtea amaitu aurretik, abenduan, onartu izan dituzte aurrekontuak, baina egungo egoerari egoki erantzuteko urtarrilean egitea erabaki dute.

Aurrekontuei heldu aurretik, baina, Eskoriatzako Elizateen Elkarteko zinegotzi berriaren kargu-hartzea izan zuten hizpide. Hain zuzen ere, Leire San Vicentek kargua hartu zuen, eta, horrez gain, Hirigintza, Mugikortasun eta Hirigintza eta Pertsonal Ogasuneko batzorde informatzaileetako kide berri ere izendatu zuten.

"Aurrekontu orekatuak"

Bost milioi eta erdi –5.497,404– euroko aurrekontua onartu zu-ten udalbatzako kideek, alderdi jeltzalearen eta Eskoriatzako Elizateen Elkarteko aldeko botoekin; EH Bilduk, bestalde, ezezko botoa eman zuen. 2020an baino 350.507 euro gutxiago izango du aurtengo aurrekontuak –%13 gutxiago–, eta, Udalaren zorpetze maila zero denez, mailegu bat eskatuko dute inbertsioetarako; hain zuzen ere, 425.000 eurokoa.

"Asko kostatu zaigu aurrekontuak orekatzea. Iaztik bizitzen ari garen egoera eta krisi ekonomikoa dela-eta zaila egiten da diru-sarrerak egokitzea, eta gastuak ere handitu egiten dira, beharrak ere handitu egiten direlako. Hori horrela, aurrekontu orekatuak planteatu ditugula esango nuke", adierazi zuen Josu Ezkurdiak, EAJko bozeramaileak. Horrekin batera, gaineratu zuen diru-sarrera arruntekin gastu arruntak eta garatuko duten COVID-19ari aurre egiteko plan berria hornituko dutela.

Josu Ezkurdia, EAJ-ko bozeramailea: "Onartu ditugun aurrekontuak orekatuak direla uste dugu"

"Iazko aurrekontuarekin alderatuta, murrizketa izan dugu, aurreikusita genuena baino gutxiago. Bereziki, foru funtsa jaitsi delako... Horrekin batera, mailegu bat eskatuko dugu, inbertsioetarako bideratuko duguna. Hala ere, pentsatzen dugu prestatu ditugun aurrekontuak orekatuak direla; diru sarrera arruntarekin gastu arruntak eta garatuko dugun COVID planerako ekintzak egiteko erabiliko dugulako, eta mailegua, berriz, inbertsioetarako. Ekainean, COVIDari aurre egiteko plan berezia onartu genuen, eta aurten, %26 gehiago sartu behar dugu plangintza honetan. Hiru atal nagusi ditu planak, batez ere: babes soziala indartzen duguna, garapen ekonomikora bideratutakoa –dirulaguntzak ostalarientzat, dendentzat, erosketa bonuak...– eta obra publikoa bultzatzera zuzendutakoa. Honekin batera, Eskoriatza bizirik ekimena izango dugu; 251.000 euro bideratuko ditugu, herri bizitza eta ekimen kulturala zein kirola bultzatzeko". "Gure planteamenduaren negoziaketa ere saiatu gara egiten EH Bildurekin. Iaz, euren aldeko botoa lortzen saiatu ginen; ez genuen lortu, eta aurten ere ez. Alde biak bat gatoz hainbat proiektu eta helbururekin, baina ez dugu lortzen euren aldeko botoa. Hala ere, pozik gaude, ikusten dugu eurak ere alde daudela gu bezala, eta horrek bide onetik goazela esan gura du...".

 

Eluska Irazu, EH Bilduko bozeramailea: "Ez gara eroso sentitzen euren aurrekontuei baiezko botoa ematen"

"Onartu diren aurrekontuak eurenak dira. Egia da bizitzen ari garen krisiak asko baldintzatzen dituela aurrekontuak, baina guk ezezkoa eman diegu. Proposatzen dituzten partida batzuekin ados gaude, laguntza sozialei dagokiena, trantsizio energetikorako proposatutakoa, urbanizaziokoa; Dorletako zubia bukatzea edo Bidebarrieta hobetzea... Hala ere, guk beste hainbat ekarpen egin genituen, eta horietako gutxi batzuk onartzearen truke baiezkoa emateko konpromisoa eman behar genuen, eta, egia esateko, horrekin ez geunden eroso. Izan ere, ekainean beste aurrekontu bat onartu zen, zenbait jaitsiera onartuz. Esan ziguten jaitsierak eragile edo erakundeekin hitz eginda zeudela, suposatzen zelako zenbait ekintza ezin zirela aurrera eraman, eta ekintza horiek gauzatu ahal zirenean diru hori bueltatu egingo zela. Baiezkoa eman genuen, baina prozesua ez dela horrela izan ikusi dugu; Goiena adibide"

 

Leire San Vicente, Elizateen Elkartea: "Kargua hartu berri aurrekontuen balorazioa egitea ez da samurra"

"Auzo-alkateekin batera lanean aritu naizen arren, aste honetako osoko bilkuran hartu berri dut zinegotzi kargua; beraz, ez da samurra balorazio zehatza egitea. Hala ere, aurrekontuei dagokienez, elizateei ematen diguten partida bera da, eta, inbertsioetarako 96.000 euro bideratuko dituzte. Horrekin batera, aurten Foru Aldundiren eskutik Internet ez daukaten elizateetan sarea ezartzen hasiko dira. Beraz, elkartekideak gustura geratu gara aurrekontuekin, eta, nire kargu berriari dagokionez, apurka-apurka joan beharko dut, egiten ikasten"

COVID-19ari aurre egiteko plana

Guztira, 347.000 euro bideratuko dituzte COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko. Iaz, ekainean plan berezi bat onartu zuten, eta aurten, %26 gehiago sartuko dute plangintza horretan. Babes soziala indartzeko %51eko igoera proposatu dute; 90.811euro –%51,4ko igoera– ; garapen ekonomikoa sustatzeko 227.000 euro –%1eko igoera– bideratuko dituzte: ostalaritza eta komertzio eta enpresa txikien dirulaguntzetara, 56.500 euro; erosketa bonuetara, 40.000 euro; inbertsio publikora, 86.096 euro; terrazen gaineko zerga barkatu egingo da; eta osasun eta higiene neurrietara, 29.205 euro –%46ko igoera–. Horrekin batera, Eskoriatza bizirik egitasmoaren baitan, 251.000 euro bideratuko dituzte, herri bizitza eta ekimen kulturala zein kirola bultzatzeko aseguruetan; horietan, Eskoriatzako Udalak antolatutako ekimenetara 100.600 euro bideratuko dituzte eta herriko taldeek antolatzen dituztenetara 151.030 euro zuzenduko dituzte.

Negoziaketari ezezkoa

EH Bilduk, bestalde, hamar proposamen egin zituen. Azpima-rratzekoak, honako hauek: "Ostalaritzarentzat eta merkataritzarentzat dirulaguntza zuzenak proposatzen genituen, 30.000 euro zuzenean proportzionalki banatzea, beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak izanda, eta, merkataritzari bideratuta, bonu kanpainarekin jarraitzea nahi genuen, baina txarren pasatzen ari diren familia horiei bideratutakoa izanda. Gero, irisgarritasunean, 30.000 euro proposatzen genituen, San Pedro eta Intxartxuetako zonetan egin beharreko lanak daudelako. Horrekin batera, Bidebarrietan hobekuntza proposatzen dute, eta guk bat egiten dugu, baina Gatz Bidearekin lotzea, eta bertan ere zenbait konponketa lan egitea ere proposatzen genuen. Lehenengo sektorea bultzatzeko dirulaguntza bat eskatzen genuen, liburutegian ere jaitsiera egon da, eta, bukatzeko, Pauso Berriak 2017tik egoitzan dagoen programan jaitsierarik ez egotea eskatzen genuen", adierazi zuen Eluska Irazu EH Bilduko bozeramaileak.

Inbertsio nagusiak, maileguaz

425.000 euroko mailegua eskatuta, 554.833 euro bideratuko dituzte inbertsioetarako. "Diru kantitate hori eskatu dugu, aurreikusten dugulako dirulaguntzak ere jasoko ditugulako inbertsio hauek egiteagatik", adierazi zuen Ezkurdiak. "Azpimarratzekoak hauek izango dira: Irisgarritasun eta Mugikortasunenean, 100.000 eurotik gora bideratuko dituzte; besteak beste, Dorleta eta Huhezi arteko zubirako 48.000 euro eta Bidebarrietako pasealekua hobetzeko 20.000 euro. Elizateetara 100.000 euro inguru bideratuko dituzte; Apotzagan egin bezala, beste elizateetan argiteria publikoa hobetzeko. Gainera, Aldundiaren eskutik, Internet zenbait elizatetan integratzeko proiektua ere jarriko dute martxan. Azkenik, udal eraikinetarako hobekuntzetan, 220.000 euro.

Eraikin publikoetan hobekuntzak egitea izango da inbertsio nagusietako bat.

Murrizketak hizpide

Aurrekontuei ezezko botoa ematearen arrazoia ere argitu zuen EH Bilduk. Batetik, egindako ekarpen batzuk onartzearen trukean baiezko botoa ematea ez zutelako garbi ikusten, eta, bestetik, ekaineko murrizketak elkarte eta eragileekin ez zirelako adostuak izan argudiatuta. Hala, Goiena Komunikazio Taldea ere jarri zuten adibide gisa. Izan ere, %20ko jaitsiera izango du.

Horren harira, honakoa adierazi zuen Nestor Aranak (EH Bildu): "Komunikazio talde bat ukitzen ari gara, eta horrek bere eragina dauka, batez ere kontsentsuaz ez denean egin. Udalok euren Errektore Kontseiluan gaude, eta Goienak murrizketaren berri azaroan izan du, eta guk urtarrilaren 9an. Konpromiso hori, lehenengo, bertan adierazi behar da, eta gero, talde politiko guztiok adostasuna izan behar dugu. Demokrazia prozesuaren ahultzeko zantzuak egon daitezke... Gainera, Eskoriatza izan da herri bakarra jaitsiera egin duena, beste herriak ere egoera berean izanda. 2016an, %40ko jaitsiera izan zuen, 2020an ere bai, baita orain ere. Hirugarrenez jaitsiera dauka. Adostasun argiarekin egiten ez bada, oso arriskutsua da, eta arduratu egiten gaitu".

Horren ildora, Josu Ezkurdiak adierazi zuen garbi dagoela ez zela ondo ulertu ekainean planteatutakoa: "Murrizketak egon behar zirela esan genuen, eta batzuek ulertu zuten eta beste batzuek, ez. Goienaren kasuan, daukagun dirua herriko taldeei eta herriko beharretara bideratuko dugu. Eta, errespetu guztiaz esaten dut, Debagoieneko beste enpresa bat baino ez da. Izan ere, iturri askotatik diru asko jasotzen du; Eusko Jaurlaritzatik, Aldunditik..., guk baino diru askoz gehiago ematen diote. Ez da hain-beste minik egiteko, guk egindako 6.000 euroko beherakada hori. Eta, nahiago dugu diru hori ostalariei edo gure musika eskolari ematea, Goienari baino. Errespetu guztiaz esaten dut, eta argi utzi nahi dute guk ez dugu konpromiso bat ere apurtu".

Lehen fasean egin zuten espaloiari jarraipena emango diote orain Dorleta eta HUHEZI arteko pasabideari.

Goienaren kontrako erabakia Udalean

Eskoriatzako Udalak dirulaguntza %20 murriztu izanagatik, iritzia eman gura izan du Goienako Zuzendaritza Batzordeak. Zera dio: "Goienak ulertzen du egoera. Ulertzeaz gain, informatu ere egiten du eta horregatik da izendatua premia biziko ondasun. Informazioa eskubidea eta betebeharra da, gehiago pandemia baten erdian. Goienak ez du egun bakar bat ere huts egin bere zereginean. Hori ulertu dute Debagoieneko udal guztiek Eskoriatzakoak izan ezik. Eskoriatzan irakurriena, zabalduena eta, tartean, eskoriatzarrek sortua den hedabidea zigortu du Eskoriatzako Udalak.

Aurrekontuak ez dira izan orekatuak denondako. Erabaki politikoak hartzeko eskatzen zaie politikariei eta kaltetu dute Eskoriatzako Udala jabekide den Goiena Komunikazio Taldea. Minez eta penaz entzun ditugu EAJko Josu Ezkurdiaren hitzak eta horregatik egin dugu publiko Goienaren iritzia: Goiena ez dela herrikoa esanda ez die errespetu handirik erakutsi proiektu komunikatibo euskaldunaren alde ordu asko eskaini duten eskoriatzarrei.

Ez gaude alderdi-jolas politikoetarako sortuak, komunikazioa dugu zeregin, eta komunikatzen jarraituko dugu ostalariekin, musika eskolarekin eta eskoriatzar guztiekin batera, babes beharra horiek denok dugula aldarrikatzeari utzi gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak