Jose Angel Petralanda: "Etxekoen gomendioak ezinbestekoak dira"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 20a, 18:30

Konfinamenduan, egur birziklatuarekin ordulariak egiten hasi zen Jose Angel Petralanda eskoriatzarra, Kerman semearen eta Naroa alabaren laguntzarekin. Hala, zaletasun berrian murgilduta, gauza berriak egiteko gogoz dago bera.

Ordulari izenpean, egur birziklatuarekin ordulariak egiten ditu Jose Angel Petralanda Petrus eskoriatzarrak. Hasi berri duen proiektua bada ere, enkargu ugari jaso ditu denbora laburrean, eta opari gisa ere egin ditu beste asko. Hala, egitasmoan buru-belarri, bere piezen erakusleiho gisa webgunea ireki du, bere lana ezagutzera eramateko.

Noiz hasi zara ordulariak egiten egur birziklatuari etekina aterata?

Hain zuzen, konfinamendu garaian hasi nintzen egur birziklatuarekin ordulariak egiten. Buztinezko erloju bat egin nuen etxerako, eta, Kerman semeari asko gustatu zitzaionez, egurrarekin egitera animatu ninduen. Horrela, ordutik hona, 23 pieza inguru egingo nituen etxekoen laguntzarekin; izan ere, Kerman semearen eta Naroa alabaren gomendioak jarraituz, gustura ari naiz egiten, eta ingurukoen iritziak ere positiboak izan dira, lanean jarraitzeko gogoa ematen duten horietakoak.

Hutsetik hasi da zaletasuna ala aurretik ere aritutakoa zara artisau lanetan?

Zubiate labean aritu naiz zenbait urtez buztingintza eta zeramikagintza ikastaroan, baina esan beharra daukat artisautza lanak egiteko trebea ez naizela izan pentsatu dudala betidanik. Edozelan ere, jaso ditudan feedbackak positiboak dira; beraz, motibatuta nago.

Opari gisa egin dituzun arren, enkarguak ere jaso dituzu. Zein aukera ditu halako ordulari bat eskuratu gura duenak?

Egur birziklatuarekin ordulariak egiten ditudan heinean, erakusleiho gisa, alabarekin batera sortutako Ordulari20.wixsite. com/erlojuak webgunean jartzen ditut piezak. Hala, interesa duenak bertan ikusi ditzan. Enkarguak jaso ditudan arren, opari gisa egin ditut gehienak, eta, jendearen erantzuna ikusita, gauza berriak egitera animatuta nago.

Jose Angel Petralanda eskoriatzarrak egindako zenbait lan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak