Herritar asko animatu dira Eskoriatzako Udalak antolatutako birziklatutako materialekin egindako Gabonetako apaingarrien lehiaketan parte hartzera; guztira, sei establezimendu, hamasei partikular leiho eta balkoiekin eta sei auzogune izan dira apaindutakoak, eta Udalak jakinarazi du zeintzuk diren irabazleak. Horiekin batera, beste hainbat sari ere banatu dira; guztiak, Eskoriatza Bizirik kanpainari atxikitutako establezimenduetan gastatzeko.
Balkoi edo leiho onenaren saria Jose Arana kaleko 4, 1C izan da; horrenbestez, 100 euroko bonua jasoko du egileak Eskoriatzan gastatzeko.
Establezimendu onenaren saria, berriz, Akeita tabernak jaso du, eta hark ere 100 euroko saria jasoko du bonuetan.
Azkenik, espazio publiko onenari saria Intxaurtxueta plazak jaso du, eta saria 200 eurokoa da, bonuetan, Eskoriatzan komertzioetan gastatzeko.
30 euroko 10 sari, zozketatuta
Hiru sari nagusi hauekin batera, 30 euroko 10 sari ere zozketatu dira parte hartu duten pertsona, establezimendu eta talde guztien artean, eta hauek dira saridunak: Inkernu taberna, Altuna harategia, Intxaurtxueta 33, 3, C, Intxaurtxueta 22, 2 ezkerra, San Pedro 13, 6 ezkerra, Elorreta 18, Olazar 1, 2 ezkerra, Gernika plaza, Euskaldunberri plaza eta San Pedro 2.
Gabonetako apaingarri lehiaketan atariak apaindu eta aurkezteko aukera ere egon den arren, ez da inor aurkeztu aukera honetara; edozelan ere, 30 euroko hiru sari banatu dituzte, zozketa bidez: Etxaburu baserria (Bolibar), Elorreta 44 eta 46 artekoa eta San Pedro 1.
Parte hartzeaz "pozik"
Udalak eskerrak eman nahi dizkie lehiaketan parte hartu dutenei: "Horiei esker gure herria askoz politago egongo da jai hauetan". Eta gaitzetsi egin nahi du beste batzuen zibismo falta, hala nola Arizmendiko ikasleek Euskaldunberri plazan jarritako apaingarriak suntsitu dituztenak eta Ibarraundin dagoen txondorrari su eman nahi izan ziotenak. "Pena da horrelako jarrerek gaur egun ere jarraitzea, eta gure auzokideek ilusio handiz egin dituzten espazioei eragitea".