Hatz erakuslea, umorea errebindikatzeko

Hasier Larrea 2020ko abe. 4a, 11:50

Antton Telleria, Tolosan, Euskaraldiaren aurkezpenena

Euskararen Egunaren eta Euskaraldiaren itxiera-ekitaldiaren baitan, bakarrizketa egin zuen atzo Zaldibar antzokian Antton Telleria komikoak. Tolosarrak, umore zuria baino, beltza du nahiago: "Eta, zergatik ez, noizbehinka jendea ezeroso sentiaraztea"

Eskoriatzan aurten Euskaraldiak utzitako aztarna erakusten zuen bideo batekin ireki zuten atzo arratsaldean Zaldibar antzokian egindako ekitaldia, eta ostean hartu zuen hitza Antton Telleria esatariak. Twitterreko kontuan dioen bezala, "oro har, koldarra" dela dio berak, eta telebistak asko engainatzen duela: "Pantaila txikian lasaia dirudit, baina errealitatean ez da horrela; estua eta mesfidatia izan naiz beti. Konbinazio bitxi horretatik abiatuta gustatzen zait nire pasarteak eta intimitateak jendaurrean eta telebistan partekatzea, edukiari laguntzen diolakoan".

ETB1en eta Gaztea irratian saio mordoxkatan aritua da dagoeneko; bere anaia Julenekin batera, askotan: Akabo bakea, DIDA!, Gure kasa... Euskaldunentzat ezagun izateak kezkatzen ote duen galdetuta, "naturaltasunez" daramala onartzen du, baita jendea beragana hurbiltzen denean "gozatu" egiten duela ere. "Euskal Herrian fama oso mugatua da, nahikoa da autoan ordubete egitea inork zu ez ezagutzeko", borobildu du.

Barre librea umore-saioko gidari diren Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak bakarrizketa egitera gonbidatu zutela-eta "zeharo eskertuta" agertu da Telleria: "Ikusi nuelako harrera ona izan nuela; orduan hasi nintzen mundu honetan aritzeko aukerak nituela sinesten".

Geroztik, plaza ugaritan azaldu du bere umorea tolosarrak, nahiz eta uste duen eskaintzen dituen bakarrizketen inguruko ondorioak ateratzen hasteko "goizegi" dela. Hala ere, ondo garatuta dauka euskal umoregintzari buruzko iritzia: "Bertsolariek eduki dezaketen bezala, komikoek ez daukate sustrai erroturik gurean. Monologoak kontu esporadikoak izan dira gehiago. Gainera, beti iruditu zait umore zuria egin dela hemen, atsegina, euskarari oso lotua, eta puntu pedagogiko batekin".

Kontrara, esatariak faltan igartzen du "barre egitea" beste helbururik ez duen euskal monologismoa, eta AEBetan jartzen ditu begiak: "Han komikoei jendea deseroso sentiaraztea gustatzen zaie, hausnarketa indartsuak, inteligenteak, filosofikoak... egitea. Alde horretatik, oso apalak izan gara orain arte".

Entretenimenduan, eroso

Hain zuzen, estatubatuarrengandik ikasi zuen Telleriak umorea serio hartzen: "Txikitatik jarraitu izan ditut Buenafuente, El Club de la Comedia eta Comedy Central telebista programak, baina begiak ireki zizkidatenak yankiak izan ziren". Hango umoristen ateraldiek bultzatu zuten, hein handi batean, ordenagailu aurrean bakarrizketak idaztera: "Konfinamenduan jarri nintzen monologoekin buru-belarri, eta ordutik nabil horretan. Egia esatearren, nire burua entretenimenduan ikusten dut etorkizunera begira, gidoilari eta aurkezle lanak uztartzen, betiere".

Oñatikoa, lehen proba serioa

Telebistako bakarrizketetatik oholtzarako saltoa irailaren 6an Oñatiko Atzeko Kale auzoko jaietan eman zuela gogoratu du Telleria anaietan gazteenak, baita hurreratu zirenek "beso-zabalik" hartu zutela ere. Hori horrela, bakarrizketa berak efektu desberdinak sor ditzakeela ziur dago, "izan tokiagatik, orduagatik edo ikusleen aldarteagatik".

Antzerkia bezala, umorea egitea "jendearen erantzunaren menpe" dagoen arren, ez dirudi jaso ditzakeen kritikek askorik aldaraziko dutenik hatz erakusleaz seinalatzeko duen modua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak