Eskoriatzan ereindako hazia jasotzeko garaia

Imanol Beloki Unamuno 2020ko abe. 4a, 11:00

Ikurrina eta Euskaraldiko banderatxoa Atxorrotxen. Argazkia: Eskoriatzako Euskaraldia Batzordea

Eskoriatzako Euskaraldia Batzordeak hamabost eguneko ariketan parte hartu dutenen feedbacka jaso gura du. Hori horrela, Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu duten herritarrei formulario bat bidaliko diete, iritziak jasotzeko helburuarekin.

2019ko Euskararen Egunean Eskoriatzako Euskaraldiko batzordekideek egindako ekitaldian "euskararen aldeko defentsarik onena erabilera da. Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea. Euskaraldia jalgi adi plazara, piztu gaitezen eta piztu dezagun Eskoriatzan Euskaraldia" esan zutenetik, Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen aritu dira. Gogoz beteta hasi arren, zailtasunak izan dituzte egitasmoak indarra hartzeko, egoera berezia izan baita. Ariketa gaur amaitu arren, "hizkuntza ohitura egokiak izaten jarraitzeko" mezua helarazi gura izan diete herritarrei.

Berrikuntzak, zailtasunez

Duela bi urte, euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masibok arrakasta izan zuen. Aurten, berrikuntzekin gauzatu da, baina, egoerak baldintzatuta, ariketa behar bezala egitea ez da erraza egin. Izan ere, aurtengo egitasmoan entitateek eta ariguneek parte hartu dute, baina, negozio asko itxita egon direnez, ariketa gauzatzeko zailtasunak izan dituzte.

Zenbait arigune, elkartu ezinik

Eskoriatzan, 555 pertsonak hartu dute parte Euskaraldiaren bigarren edizioan. 417 ahobizi-k, 138 belarriprest-ek eta 31 entitatek egitasmoan bat eginez, emaitza ona izan dela adierazi dute batzordekideek, egoera zein izan den kontuan izanda: "Gehiago ezin genuen espero, bizi izan dugun eta bizi dugun egoera zein den ikusita. Zenbait entitate ezin izan dira elkartu edo zabaldu, arigune izan arren. Itxita izan dutelako, gaixotasunagatik… Hala ere, datuak egoera honetan, ez dira txarrak", adierazi du Mari Karmen Arrietak, Eskoriatzako Euskaraldiko koordinatzaileak.

Parte-hartzaileei eskaera

"Hamabost egun hauetan ekintza berezirik egin izan ez dugun arren, parte-hartzaileen iritziak jaso nahi ditugu. Hori horrela, formulario bat betetzeko eskaera egingo diegu guztiei".

Parte hartzaileen inpresioak

Iratxe Muxika Eskoriatzako Euskaraldiko batzordekidea:

"Euskaraldia ez da guk aurreikusi modukoa izan, baina uste dut denon artean egin dugula lantxo bat eta emaitza ona atera dugula. Kontuan hartu behar dugu herritar guztiok eta Euskal Herri osoak burua ez duela egitasmoan izan; beraz, orokorrean balorazio positiboa dela esan dezakegu".

Eider Kortazar Arigune bateko kidea eta 'Ahobizi'-a:

"Euskaraz lasai aritzeko gune moduan aritu gara Ixkur ile-apaindegian. Rol ezberdinekin aritu gara bertan ari garen hiru lankideak, eta, bezeroen partetik aldaketa askorik sumatu ez dugun arren, gure apustua barrura begirakoa izan da, eta uste dut aurrerapauso bat eman dugula".

Inma Murillo 'Belarriprest'-a:

"Euskaraz lasai aritzeko gune moduan aritu gara Ixkur ile-apaindegian. Rol ezberdinekin aritu gara bertan ari garen hiru lankideak, eta, bezeroen partetik aldaketa askorik sumatu ez dugun arren, gure apustua barrura begirakoa izan da, eta uste dut aurrerapauso bat eman dugula".

Leire Arrate 'Ahobizi'-a:

"17 urte ditudanez, lehenengo aldiz hartu dut parte Euskaraldian. Euskararen garrantzia ikusita, egitasmoarekin bat egitea erabaki dut. Euskaraz aritzeko zailtasun handiena etxean dut; gurasoak belarriprest moduan ari dira, eta etxeko hizkuntza ohituran aldaketa egiten saiatu gara, batez ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak