Hizkuntza ohiturak aldatzeko partida, jokoan

Karmele Uribesalgo 2020ko aza. 14a, 09:30

Aurtengo Euskaraldiaren berrikuntzetako bat da entitateek izena emateko aukera dutela, eta ariguneak sortu dituztela. Eskoriatza Kirol Elkarteak modu horretara hartuko du parte. Euskaraz aritzeko ohitura hartu nahian daramatzate hainbat urte.

Eskoriatza Kirol Elkarteak entitate moduan eman du izena Euskaraldian. Zazpi arigune izango ditu bere baitan; bat talde federatu bakoitzeko. Egunerokotasunean gaztelaniaz hitz egiteko joera dute, baina, azken urteetan ohitura horri buelta eman, eta elkarteko kideen artean euskara bultzatzen ari dira. Kirol elkarteko presidente Javi Corbalek adierazi du sei zazpi urte daramatzatela hizkuntza ohiturak aldatu nahian: "Bultzada bat eman nahi diogu euskarari, ea behingoz benetan aldatzen ditugun ohiturak".

Mari Carmen Arrieta Euskaraldiko Eskoriatzako koordinatzailea da, eta, azaldu duenez, oso garrantzitsua da kirol elkarteak ekimenean parte hartzea: "Elkarte handi bat da, herrian oso errotuta dagoena, gazte asko batzen dituena, eta, gainera, izaera propio indartsua dauka". Euskaraldian parte hartzeko profil interesgarria daukala azpimarratu du, gehienek baitakite euskaraz. "Ohiturak aldatzea ez da erraza; beharrezkoa da kontziente izatea eta aldaketa gauzatzeko nahia edukitzea", nabarmendu du. Horretan eragin behar dela uste du: "Hor dago Euskaraldiaren jokoa".

Kirol elkartekoek duela bi urte ere hartu zuten parte Euskaraldian, eta Corbalek azaldu du nabaritu zituztela aldaketa batzuk, baina gehiagoren bila doaz. Dena den, aitortu du "pila bat" kostatzen dela txip aldaketa hori egitea. "Pixkanaka, talde gazteenetan gero eta gehiago egiten da euskaraz, eta orain, helduagoen txanda da", adierazi du.

Ariguneak, berritasun

Aurtengo berezitasunetako bat da entitateena eta ariguneena. Debagoieneko 400 entitatetik gorak eman dute izena ekimenean. Arrietaren ustez, ez da gauza bera norbanako bezala parte hartzea edo talde baten baitan egin ahal izatea. "Artaldean egokiago ibiltzen gara", gaineratu du.

Garai zailak dira, baita Euskaraldiarentzako ere. "Tentu handiz aritu behar dugu: dendetara eta tabernetara jo dugu parte hartzeko eskatzera, eta, euren egoera oso larria denez, ez da erosoa izan", aitortu du. Hala ere, antolatzaileak oso eskertuta daude entitateek azaldu duten prestutasunarengatik. "Anormala den egoera batean, dena normalizatu behar dugu, baita euskara ere", erantsi du.

Eskoriatza Kirol Elkarteko ia talde guztiak geldirik daude; ezin jokatu, ezta entrenatu ere. Gogotsu daude lehiaketari berrekiteko ez ezik, Euskaraldian parte hartzeko ere. "Ezin baditugu gure hizkuntza ohiturak kiroldegian aldatu, kalean egingo dugu", adierazi du Corbalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak