Datuak datu, "txalotzekoa" da herritarren jarrera

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 13a, 09:31

Ahobizi eta belarriprest txapak, banatzeko prest.

Azaroaren 20ra bitartean, 09:00etatik 13:00etara txapak jasotzeko aukera izango dute Euskaraldian izena eman duten herritarrek, kultura etxean. Horrekin batera, azaroaren 20rako, Onintza Enbeitaren online bidezko hitzaldia antolatu dute.

Izena emateko azken astean sartuta, Eskoriatzan 429 pertsonak eman dute izena Euskaraldian, eguen eguerdiko datuen arabera. 324 herritarrek ahobizi rola aukeratu dute eta belarriprest rola, berriz, 105 eskoriatzarrek. Horrekin batera, 31 entitate batu dira Eskoriatzan, 74 barne arigune eta 31 kanpo arigune izanda.

Mari Karmen Arrieta Euskaraldiko Eskoriatzako koordinatzailearen esanetan, "datuak datu, egoera honetan, ahal dena egiten ari dira herritarrak, eta hori txalotzekoa da. 2018ko ariketarako 800 pertsonak eman zuten izena Euskaraldian; aurten, oraingoz 429 pertsonak eman dute. Hala ere, esperantzaz gaude, eta oraindik emango dute izena zenbait herritarrek. Hala ere, azpimarratu beharra dago euskarak normalizatzen jarraitu behar duela, eta, horren eraikuntzan, herritarrak egin ari diren esfortzua ikaragarria dela".

Txapa banaketa, kultura etxean

Herritar ugari pasa dira egunotan kultura etxetik ahobizi eta belarriprest txapak jasotzera, eta aste honetan ere bertan jasotzeko aukera izango dute Euskaraldian izena eman duten eskoriatzarrek.

Txapa banaketa kultura etxeko bigarren solairuan ari dira egiten, eta azaroaren 20ra bitartean ere egunero izango dute norbanakoek txapa jasotzeko aukera, 09:00etatik 13:00etara bitartean. Horrekin batera, ariguneetan ere identifikagarriak banatuko dituzte egunotan Eskoriatzako Euskaraldiko batzordeko kideek. Hala, azaroaren 20an komertzioen erakusleihoetan jarri ditzaten.

Onintza Enbeitaren hitzaldia

Ariketari hasiera emateko, Onintza Enbeita bertsolariak hitzaldia eskainiko du, online formatuan. Azaroaren 20an, 19:00etan, hasiko da, eta euskalgintzari, feminismoari eta pandemia egoerari buruzko hausnarketak eskainiko ditu.

Telematikoki izango den arren, hitzaldian parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako bideak hauek izango dira: euskara@eskoriatza.eus helbidera idatzita edo 636 78 59 71 telefono zenbakira deituta edo whatsapp-a bidalita. Sarrera hau egin du hitzaldia eskainiko duen protagonistak, herritarrak animatzeko: "Mundua bere buruari begira gelditu den honetan, gure borroka txikiek zail daukate euren burua erakusten. Helmuga betikoa da orain ere: Euskal Herria euskalduna eta feminista. Zein izango dira, ordea, estrategia berriak? Egoeraren irakurketa kolektiboarekin hastea onena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak