'Txor-txor' bakarrizketa saioa Euskaraldiaren baitan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 1a, 10:28

Nerea Arriola, Bergarako Seminarioan saioa eskaintzen.

Nerea Arriolak eskainiko du, egubakoitzean, Txor-txor izeneko bakarrizketa umoretsua, 19:00etan, Zaldibar antzokian. 40-50 minutuko iraupena duen saioak ahobizi eta belarriprest rolek adierazten dituzten portaerak izango ditu hizpide.

Euskaraldiaren lehen edizioan, Lanku Kultur Zerbitzuak-ek eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean bakarrizketa bat sortu zuten, eta, balorazio positiboa izanda, bigarren ediziora begira kultura emanaldien alorra indartu, eta eskaintza berria prestatu dute

Hori horrela, Txor-txor bakarrizketa saio umoretsua abian da, eta Eskoriatzan izango da emanaldia, egubakoitzean, 19:00etan, Zaldibar antzokian. 40-50 minutuko iraupena duen saioak ahobizi eta belarriprest rolek adierazten dituzten portaerak izango ditu hizpide; besteak beste, herritarrak hamabost egunean –azaroaren 20tik abenduaren 4ra– gertatuko den horretan kokatzea eta inertziak apurtzeko bide posibleak aurkezteko helburua du saioak.

Helburu ugari dituen saioa

Gainera, herritarrei euren hizkuntza-ohiturei buruzko gogoeta eragiteko asmoa du saioak, eta baita herritarrek ez ditzatela rolak gaitasunarekin lotu, aritzeko moduarekin baizik –jokaerarekin–.

Eskoriatzan 17 entitateetan ariguneak

Entitatea eremu antolatu eta finkoa da, egitura normalizatua duena. Esparru desberdinetako entitateak izan daitezke: erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kultur eta kirol taldeak… Entitate horietan euskara gehiago erabiltzeko Ariguneak osatuko dituzte. Ariguneak entitate horren funtzionamenduan eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, bertako kide guztiek euskara ulertzen dute eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzeko edo finkatzeko helburua dute.

Eskoriatzan Ariguneak sortzeko konpromisoa hartu duten entitateak  honako hauek dira: 

Hezkuntza:  Arizmendi ikastola (Jose Arana eta Almen guneak), Luis Ezeiza eta Huhezi
Kirol eta kultur elkarteak: Txistulariak, Egokiena gastronomia elkartea, Eingeinke taldea eta Eskoriatza Kirol Elkartea
Merkataritza: Altuna anaiak harategia eta Aloña frutadenda
Enpresak: Fagor Automation, Fagor Ederlan, Setalde eta Laboral Kutxa
Administrazio publikoa: Leintz Udal Euskaltegia, Udala eta Kiroldegia

Entitateen izen-emate txanda bukatuta, orain norbanakoen izen-ematea hasi da. Norbanakoek Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duten aukeratu beharko dute, jakinik rol hori Euskaraldiak irauten duen 15 egunetan bete beharko dutela. Izena emateko: https://izenematea.euskaraldia.eus/ helbidean egin daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak