650 bonu saldu dituzte bigarren txandan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 17a, 16:10

Eskoriatza Bizirik bonuen kanpainako bigarren faseari irailaren hasieran ekin zioten. Guztira, 1.000 atera zituzten, eta 656 saldu dituzte, oraingoz. Berrikuntza batzuk ezarri dituzte fase honetan, eta, besteak beste, aukera gehiago daude bonu horiek gastatzeko.

Eskoriatza Bizirik bonuen kanpainako bigarren faserako 1.000 bonu atera, eta dagoeneko 656 saldu dituzte. Egindako berrikuntzek "fruituak" eman dituztela adierazi dute Garapen Jasangarri Saileko langileek, eta adierazi dute aukera dagoela urriaren 31ra arte bonuak erosteko, Ibarraundi museora joanda.

Bonuen kanpainako lehenengo faserako bonu berdeak atera zituzten, eta bigarren honetan, aldiz, kolore gorrikoak dira. Hala, ere, kanpainaren helburua bakarra da: herriko salerosketak piztea eta egoerak kaltetutako familiei laguntzea. Hala, astelehen eta egubakoitzetan ari dira saltzen, 11:00etatik 13:30era bitartean, eta eguaztenetan, aldiz, 17:00etatik 19:30era bitartean, eta herritarrak animatu nahi dituzte Ibarraundi museotik pasatu eta bonuen bitartez herriko komertzio txikiari laguntzeko.

Harrera ezin hobea

"Uste baino bonu gehiago saldu dira, eta hori pozteko albistea da. Orain, adinez nagusi den edozeinek erosi ahal izango ditu bonuak, baldin eta Eskoriatzan erroldatuta badago, eta horrek asko lagunduko duela uste dut. Gainera, tabernetan eta osasun zentroetan baino gehiago, ileapaindegietan eta estetika zentroetan izan zuten arrakasta lehen faseko bonuek, eta orain, establezimendu gehiagotan gastatzeko aukera ematen dugu bigarren fase honetan; hori ere azpimarratzekoa da. Guztiak salduko diren aurreikuspena dugu, eta lehenengo fasean saldu gabe geratu ziren 120 bonuak berriz salgai jartzeko asmoa dugu, bigarren faseko guztiak gastatzen direnean", adierazi du Nerea Aranak, Garapen Jasangarri Saileko teknikariak.

Establezimendu gehiago

Bonuen kanpainako bigarren fasean herriko beste zenbait establezimendutan erabili ahal izango dira bonuak. Hala, kanpainara herriko komertzio gehiago batuta, hobeto joango dela aurreikusten dute Eskoriatzako Udaletik. Estetika zentroak eta ile-apaindegiak: Edurne, Apaindu, Kuttuna, Ixkur, Kiribil, Villar ile-apaindegia, Kimu, KingMarga eta Pauxa estetika zentroa. Osasun zentroak: Erai osteopatia eta Gahir fisioterapia. Ostalaritza: Akeita, Compostela, Hotela, Ilargi eta Maulanda, Dendak: Dorleta Liburu-denda (Adeli), Carmen Mertzeria, Oreka Cycling kirol denda eta Namaste. Janari-dendak: Altuna Anaiak harategia, Aloña frutadenda, Coviran eta Pagaldai harategia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak