Bigarren edizioaren berrikuntza nabarmenena ariguneak dira; hau da, euskaraz eroso edo lasai aritzeko guneak. Horretarako, taldeko kide guztiek euskara ulertzea beharrezkoa izango dute; gutxienez, belarriprest izan beharko dute kide guztiek. Hala ere, ariketan parte hartzea borondatezkoa izango da. Ariguneetako kideek taldean egingo dute hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa, azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4ra bitartean; eta batzuk ahobizi izango dira eta besteak, berriz, belarriprest.
Herriko zenbait entitate dagoeneko animatu dira Eskoriatzan Euskaraldiaren bigarren ediziora begirako ariketan izena ematera. Hala ere, oraindik eman ez duenak aukera izango du horretarako irailaren 27ra bitartean.
Hamaikak eman dute izena
Eskoriatzako Euskaraldiko batzordekideek lehentasunez tratatu dituzte herriko kultura eta kirol elkarteak, nahiz ikastetxeak, eta, momentuz, herriko hamaika entitatek eman dute izena. Honekin batera, norbanakoek izena emateko epea irailaren 24an hasiko da; izan ere, arigune batean egon edo, izena eman beharko da.
Parte hartzeko deia entitateei
"Martxoaren 17an egin behar genuen lehenengo bilera presentziala, baina egoerak behartuta bertan behera geratu behar izan zen eta bideo bat prestatu genuen aurtengo edizioaren berri emateko. Ondoren, ekainean eta uztailean bi bilera presentzial egin genituen, bakoitzera 3-4 talde gonbidatuta, eta zuzenean azaldu zitzaien aurtengoa zer izango den. Han irtendako zalantzak argitzeko beste ikusentzunezko bat egin genuen batzordeko zenbait kidek, eta orain, elkarteetatik haratago, herriko zerbitzu, enpresa, denda eta tabernetara eskutitz bidez iritsiko gara. Hala, aste honetan 70 bat eskutitz bidaliko ditugu, olatu berria har dezaten", adierazi dute Eskoriatzako Euskaraldiko batzordekideek.
Zalantzarik izanez gero
Edozein zalantza edo argibide gura duenak eskoriatza@euskaraldia.eus helbidera idatzi dezake, edo, bestela, 636 78 59 71 telefono zenbakira whatsapp bat bidali.