Aurreko eguneko datuen berri emateko agerraldia egin dute eguerdian Lakuan, eta, esan bezala, Murgak ez du Eskoriatzako egoera aipatu. Ordiziakoari egin dio erreferentzia, eta baita Debakoari ere, kasu honetan, kazetari baten galderari erantzunez.
"Ordizian, zehazki, eta Euskadin, oro har, ahalegin handia egiten ari gara birusa garaiz atzemateko, kutsatzeak saihesteko. Normaltasun berriak adi egotea eskatzen du, Osakidetza egiten ari den bezala; baina, aldi berean, erantzukizun indibidual handiagoa eskatzen du: lagunekin egoterakoan; kulturaz eta arteaz gozatzerakoan; mendira eta hondartzara joaterakoan; eta, noski, baita botoa emateko dugun eskubidea gauzatzerakoan ere", adierazi du Murgak.