Kontrol neurriez galdetuta, Beltran de Herediak esan du ez dutela "zerrendarik pasako", baina COVID-19a izan eta mugikortasuna mugatuta duten pertsonei argi jakinaraziko dietela ze ondorio izango lukeen bozkatzera joateak: "Osasun publikoaren kontrako ustezko delitu bat egiten ariko lirateke"; sailburuak nabarmendu du besteen osasuna arriskuan jartzen ariko liratekeela.
Segurtasun eta Osasun sailburuek gaur egindako agerraldian azaldu dute uztailaren 2a aurretik positibo ziren pertsonek izan dutela aukera botoa postaz emateko, eta 160 inguru direla egun hartatik gaurko egunera positibo eman eta bozkatzera joan ezingo dutenak; kopuru "txikia" dela gaineratu dute.
Kazetariek behin eta berriz egin dizkieten galderei erantzunez eman dituzte sailburuek azalpenok; aurretik, beste ohar batzuk eman ditu Beltran de Herediak. Posta bidezko boto eskaerak "inoiz baino gehiago" izan direla esan du, 125.000. Nabarmendu du udalek egindako ahalegina hauteslekuak osasun egoerara egokitzeko, eta iragarri du, adibidez, mahaiko kideen artean kutsatzeak saihesteko mahai handiagoak izango direla oraingoan. "Lan handia egin da jende dena lasaitasunez, konfiantzaz eta normaltasunez joan dadin botoa ematera", azaldu du sailburuak.
Hautesleku sarreran eta irteeran eskuetan gela emateko, distantziak zaintzeko, pilaketak saihesteko eta mosukoak erabiltzeko –derrigorrezkoa– eskatu dute sailburuek, eta badaezpadako isolamenduan dauden pertsonei eta zaurgarrien izan daitezkeen kolektiboei eskatu diete jende gutxienekoak diren orduetan joan daitezela botoa ematera. Botua etxetik prestatuta eramateko ere aholkatu dute.