Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan lelopean, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hamabost egunekoa izango da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta Eskoriatzako batzordea martxan da, herrian zer eta nola egin antolatzeko lanetan.
Euskaraldiaren bigarren edizioan urrats berriak egingo dituzte, eta, norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartzea gura da, hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Eremu antolatu eta finkoak diren heinean, bertako kide guztiei zuzenean eragiten diete hizkuntzaren esparruan bertan hartutako erabakiek, baita ingurukoei ere, zeharka. Gainera, entitateei eremu horiek babesteko eta sustatzeko konpromisoa eskatuko zaie, eta, epe luzerako helburua izanda, ariketa amaitzean, hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako urratsak egonkortzeko gonbita egingo zaie.
Entitateei zuzendutako aurkezpena aurrez aurre egin behar zuten batzordekideek, baina, koronabirusaren alarma egoeraren ondorioz bertan behera utzi beharra izan zutenez, aurkezpen hartan esan beharrekoaren laburpena jasotzen duen bideoa egin dute, herriko elkarteei zuzenduta.
Izen-ematea eta informazioa
Momentuz, izena emateko interesa agertu duten entitateak honako hauek dira: Eingeinke, Txistulariak, Zubiate, Almen, Jose Arana, Luis Ezeiza, Udala, Ederlan, Automation eta Udal Euskaltegia. Hala, izena nola eman behar duten azaltzeko eta bigarren edizio honi buruzko zalantzak argitzeko, Eingeinke, Txistulariak, Zubiate eta Ezeizakoekin elkartu ziren martitzenean, osoko bilkuren aretoan.
Hurrengo astean, berriz, beste entitate batzuekin elkartuko dira informazioa eta zehaztasunak emateko eta izena ematera animatzeko. Hala ere, azpimarratu gura izan dute batzordea irekia dela eta nahi duen edonork har dezakeela parte, helburua Eskoriatzan Euskaraldia bideratzea izanda.
Nola egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa?
2020an Euskaraldiak, iaz egin moduan, belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan egin dezaten ariketa. Baina horretaz gain, entitateek euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte: ARIGUNEAK. Horrela, taldean ere hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izango dute.
Ariguneak
Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu. Bi motatakoak izan daitezke:
Barne-ariguneak: ohiko funtzionamendurako taldeak dira (sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak…) eta bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen % 80 gutxienez ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest
dago.
Kanpo-ariguneak: entitatean herritarrekiko harreman espazioetan (harreran, telefonoan, kutxetan, barran…) dauden pertsonek herritarrekin osatutako arigunea da. Espazio horietan beti egongo da belarriprest edo ahobizi den kide bat, gutxienez, herritarraren hizkuntza aukera bermatzeko.